Eguneko zentroaren kontratazioa lehiaketara
Legazpiko udalak eguneko zentroaren zerbitzua kontratatzeko lizitazioari hasiera ematea erabaki du. Alderdi guztien onespena jaso du udal gobernuaren proposamenak. Orain arte GSR enpresarena izan da eguneko zentroa kudeatzeko ardura.
Lehiaketari herenegun egin zen aparteko osoko bilkuran eman zitzaion argi berdea. Lourdes Ugarte ongizate zinegotziak bertan azaldu zuenez, «menpeko pertsona adinduei eta beren familiei arreta egokia eskaintzea» da helburu nagusia. Udalak bere jabetzan dagoen gizarte zentroko eraikina utziko dio esleitutako enpresari, eta lehiaketa prozedura ireki bidez egingo da. Zerbitzuaren iraupena «bi urtekoa izango da», hasiera batean. Ondoren, bi urte gehiagoz luzatzeko aukera egongo da. Kontratuak ezingo du lau urte baino gehiago iraun.
Kalitatezko zerbitzua helburu
Esleipena egin ahal izateko pleguen oinarriak azaldu zituzten jarraian. Eguneko zentroak «24 plaza eskainiko ditu astelehenetik ostiralera, eta 12 asteburuetan». Astegunean 46,52 euro ordaindu beharko dira plazako eta eguneko eta asteburu eta jai egunetan 53,49 euro. Era berean, «kontratatutako enpresak 930 euro ordainduko dizkio udalari hileko», besteak beste, ura, hondakinen bilketa edo argindarraren gastuak ordaintzeko. Eguneko zentroa 9:30etik 18:00etara egongo da irekita astean zehar, eta 11:30etik 20:00etara igande eta jai egunetan.
Pertsonalari dagokionez, «geriatria laguntzaile titulua edo antzekoa izatea, bete beharreko jarduerak modu egokian egiteko formazioa edukitzea, hizkuntza ofizialak ezagutzea eta Legazpin bizitzea» baloratuko dira. Lehiaketara aurkeztuko diren enpresen aukeraketa egiterako orduan, «eskaintza ekonomikoa, langileak kudeatzeko proiektua eta zerbitzuen kalitate teknikoa» baloratuko dituzte, besteak beste.
Zerbitzuaren kalitatea bermatzeko udalak etengabeko jarraipena egingo dio kontratatutako enpresari. Hori horrela izan dadin, kontuen batez bestekoa, jardueraren memoria ekonomikoa, langileen datuak, memoria teknikoa, edo hurrengo urterako aurreikusita dauden kontuen batez bestekoa, eskatuko dizkio enpresari, besteak beste.