Eskalapoi berriak merkeago zaharren truke, eta zaharrak Saharara
Alex Albisuak kirol denda dauka Zumarragan. Familia negozioa da berea, orain urte batzuk bere esku hartu zuena. Krisiaren testuinguruan merkatarien egoera «makala» dela eta, Albisuari «renove plana» martxan jartzea otu zitzaion. Zapata berezi batzuk oinarri, zaharrak jaso eta berriak beherapenarekin saldu ditu ekainean eta uztailean. Guztira, 50 pare jaso ditu. Bigarren eskuko plastikozko eskalapoiak Saharako kanpalekuetara bidaliko ditu Goierri garaiko Hare Haizea elkartearen bitartez.