Irudian, Lazkaoko urteroko sagardo dastaketa. Mikel Albisu.
Sagardo Eguna ospatuko dute bihar iluntzean Ordizian. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatuta eta Ordiziako Udalaren laguntzarekin iluntzeko 18:30etik 21:00era dozena bat sagardo probatzeko aukera izango da. Zehazki Aburuza (Aduna), Astarbe (Astigarraga), Calonge (Igeldo), Iparragirre (Hernani), Izeta (Aia), Lizeaga (Astigarraga), Petritegi (Astigarraga), Oiharte (Zerain), Olagi (Altzaga), Satxota (Aia), Urbitarte (Ataun) eta Urdaira (Usurbil) sagardotegiko sagardoak egongo dira sagardogileek eurek zerbitzatuta. 18:30etan egingo den topa ofiziarekin emango zaio hasiera festari. Edalontziak 3,5 euroan salduko dira eta sagardoari laguntzeko bakailao tortilla, txorixo eta gazta pintxoak salduko dira.
Gipuzkoako Sagardogileen Elkartetik nabarmendu dutenez, sagardoa behin botilan borobilduta, «momenturik onenean dastatzeko aukera izango da iraileko zita honetan». 2012ko uztako sagardoak izango dira Ordiziako festan, «aditu askoren arabera azken urteetako uztarik onena».
Ordiziako dastatze honetan, sagardoa promozionatzeaz gain, sagardoaren ezaugarriak zabaltzeko abiapuntua jarri nahi dute: «graduzio batxuko edaria, freskagarria eta sagarrak berekin dituen onura eta ezaugarri asko ditena; neurrian edanez gero, oso osasungarria».