Saltzea ez delako helburu bakarra
Feria berezi hauetako salmentez galdetuta, ez dira denak hain konforme izaten. Baikor jokatzeko arrazoiak ere aurkitzen dituzte beste batzuk, saltze hutsetik haratago ikusten baitituzte hain sona handiko egunaren helburuak; ezagutzera eman, jendearekin hitz egiteko baliatu eta abar. Ahalegin berezia egiten dute zenbait saltzailek, aukeratutako produktuak ahalik eta modu dotorenean aurkezteko, aipamen bereziak dagozkien saritxoekin banatzen baitira.
Iraila erdira hurbiltzen ari bagara ere, udan ez bezalako itxura dute zenbat produktuk eta emankortasunaren punturik onenean daudela ere esan daiteke, aurtengoan baratze emaitza atzeratu egin baita nabarmen. Horren adibide da piper eta tomate eskaintza ugaria eta anitza. Orain arte aipatutakoei gerezi-tomatea gehitu behar diegu (6 euroan kiloa); izena formari lotuz, gerezi neurriko tomate txikiez ari gara, ingeleseko cherry deituragatik ezagun egin denaz alegia. Ziazerba edo espinaka berriak ere hasi dira, 0,70 zentimoan sorta. Eta babarrun gorria, orain arte lekan saltzen zuen Zalbibiko Kontxi Arizagak (6 euroan kiloa), atzoz geroztik aletuta ere eros daiteke parean duen Juli Aierbe beasaindarraren postuan (kiloa 8 euroan).
Udazken neguari begira ondo irauten duten loreak ere hasi dira, ziklamenak eta azaleak. Oraindik ere garaiz dela eta berotik babesteko aholkua emanez jarri dituzte salgai.
Kanpoko produktuak saltzen dituzten postuetan, plaza inguruan jartzen direnetan, alegia, Nafarroatik ekarritako udare tomatea hasi da (0,72 euroan kiloa); kontserbak egiteko erabili ohi dira batez ere. Babarrun zuri freskoak –Zangotzakoak– ere salgai ziren, 5,90 euroan.
Kafe landarea salgai
Aste honetako bitxikerien artean dago Barazki Bizidunak postuko Mapik ekarri duen kafe landarea. «Bi urte ditu honek eta bai, kapritxoz erosi ditut batzuk, kafe alea ikusten ohituak gaude baina aurretik fruitua nolakoa den ez da ezaguna eta horrek bultzatu nau ekartzera». Landarea 6 euroan eros daiteke. Berezkoa ez duen lurralde honetan zein etorkizun duen ikusi behar.
- Aste honetako prezioak