Azoka baino gehiago
Hemeretzigarren urtez Gipuzkoako Nekazaritza ekologikoaren hiriburu bihurtuko da Zerain etzi, hilak 15. Produktu ekologikoen ekoizpenerako arauen arabera ekoizturik dauden produktuen erakusleihoa izango da 09:00etatik 14:00etara.
Aukera zabala izango da barazkietan, frutetan, barazki kontserbetan, ogietan, eztietan eta ardoetan. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Espainiako 26 ekoizlek jarriko dute postua. Tartean sei goierritar izango dira.
Azokaz gain, beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte Biolur elkarteak, Zerain Dezagun Fundazioak eta Goierriko Baratzak. Goizean, sagar muztioa egingo dute zeraindarrek antzinako eran. Pintxo ekologikoak dastatzeko aukera ere izango da.
Urtero bezala, haurrentzako hiru tailer antolatu dituzte: gozo tailerra, landaketa baratzan eta sendabelarrekin egindako ukenduen tailerra. Goierriko artisauek ere lekua izango dute Zerainen: keramika, makilak, tailak, kandelak… Arratsaldean festak jarraituko du: herri kirolen saioa, eta 18:00etan hasita, erromeria egingo dute Zeraingo plazan Xapre eta Furriola trikitilariekin, Aitor Furundarenarekin eta herriko txistulariekin, sagardoz lagunduta.
Hamabostaldia
Zeraingo azoka, VI. Goierriko bizitza eta nekazaritza ekologikoaren hamabostaldiaren lehenengo ekitaldia da. Lau hitzaldi antolatu dituzte: asteartean, hilak 17, Inausketa nola egin? hitzaldia egingo du Xabi Akizuk Zerainen, 19:00etan; ostegunean, hilak 19, Maialen Sarasolak Euskal Herriko sendabelarrak izango du gai Ataungo Batzar aretoan, 19:00etan; hilaren 24an, Zergatik produktu ekologikoak? azalduko du Biolurrek, Zaldibiako kultur etxean, 19:00etan; eta 26an, Santia Ochoa de Eribe industria ingeniariak Las eléctricas: entre el dominio y la necesidad hitzaldia egingo du Ordiziako Barrenan, 19:00etan.
Hitzaldiez gain, hiru ikastaro ere antolatu dituzte. Hilaren 21ean Inausketa, kurtso praktikoa egingo dute Ezkio Itsasoko Haristizabalen (10:00etan); 28an, Nola preparatu zure kontserba ekologikoak Abaltzisketan (10:00etan), eta urriko larunbatetan, sukaldaritza makrobiotikoa Zerainen.