
Europako Mugikortasun Jasangarrirako Astea ospatuko da gaur hasi eta datorren ostiralera bitartean. Hamahirugarren urtea izango da aurtengoa, eta beste behin, Goierriko zenbait herrik ere bat egingo dute aste honetarako antolatu dituzten ekintzekin. Josune Makaia, Urola Garaiko Garapen Agentziako iraunkortasun teknikariak azaldu duenez, «bailaran mugikortasun jasangarria sustatzea, eta garraiatzeko modu ezberdinak bultzatzea» ditu helburu, besteak beste, aste honek.
Goierri garaian 2005etik egiten dute bat ekimen honekin. Aurten,
Mugi zaitez aire garbiaren alde leloa aukeratu dute Europa mailan. Dena den, Goierri garaian «bizikletaren erabilera sustatzeari garrantzia emateko»
Urola garaian BIZIbili izena jarri diote aste honetarako antolatu duten ekintza sortari. Hala, bihar arratsaldean Bizikleta Martxa egingo dute Legazpin, «Laubidetik irtengo da, 18:30ean». Korosti eta Telleriarteko txirrindulari elkarteen laguntza «ezinbestekoa» izaten da urtero antolatzen duten ekimen honetarako. Legazpin ez ezik, Lazkaon ere egingo dute bizikleta martxa. Kotxerik gabe bizikletaz leloa jarri diote ekimenari, eta datorren ostiralean, hilaren 20an izango da. Herriko plazan egina dute hitzordua, 17:00etan.
Bizikleta konpontzen ikastea
Gaur arratsalderako bizikletan seguru ibiltzeko ikastaro bat antolatuta bazegoen ere, «bertan behera geratu da, talderik osatu ez delako», azaldu du Makaiak. Dena den, asteazkenerako eta ostegunerako tailer bana antolatu dituzte Legazpin eta Urretxun,
Bizikleta nola konpondu burua galdu gabe izenburupean.
Godoy txirrindu dendako Javi Godoyk gidatuko ditu tailerrak «bihar Legazpin, Euskal Herria plazan, eta etzi Urretxun, Areizaga-Kalebarrenen». Saioak bi ordu ingurukoak izango dira, 18:30ean hasita. Ikastaro hauen bitartez, «bizikletaren atal ezberdinak zeintzuk diren» azalduko zaie parte hartzen dutenei. Bide batez, bizikleta zaintzeko aholku praktikoak jakinaraziko dituzte, eta «zulaketak nola konpondu edo frenoak neurrian nola jarri» erakutsiko zaie. Gainera, «haurrak bizikletan eramateko, egun merkatuan ze aulki mota dauden erakutsiko digu Godoyk, eta bizikleta elektriko bat ere ekarriko du nahi duenak proba dezan», zehaztu du Makaiak.
Mugitzeko ohituran aldaketa
Kotxearen erabilera handiegia da oraindik Makaiaren iritziz. Dena den, «poliki-poliki gauzak aldatzen» ari direla dio, «udaletako hirigintza planek kotxeei oztopoak eta onezkoei erraztasunak» jartzen doazelako. Lehentasunak garraio publikoari emanda eta kotxea ez bestelako ohiturak sustatuta «datozen belaunaldiak beste modu batera mugituko direla» ziur da.