Zaldibian korrika proba eta txirrindulari afizionatuen karrera jokatuko dira asteburuan
Goi mailako bi kirol ekitaldi antolatu dituzte Zaldibian, astebururako. Batetik, udalak bultzatutako III. Herri Lasterketa larunbat arratsaldean jokatuko da, 18:00etan hasita. Zaldibiako herrigunearen luzera osoan zazpi kilometroko ibilbidea izango dute korrikalariek. Plazatik abiatu, eta goialdera Aiestaran-Erreka auzoraino joango dira; behealdera, berriz, Zelaako biribileraino.
Izen-ematea 5 euro da. Atzo ziren epea ixtekoak, zaldibia.net udal webgunean edo kultur etxean (943 16 03 38). Elastiko bana jasoko dute partaide guztiek, opari. Sailkapeneko aurreneko hiru gizonezkoek eta emakumezkoek jasoko dituzte sariak, 120, 80 eta 50 eurokoak, garaikur banarekin. 35 urtetik gorako lehen hiru emakumeek eta 40tik gorako hiru gizonezkoek ere badituzte sariak, baita lehen zaldibiarrek ere.
Igandean, Lehendakari txapelketaren bukaera
Korrika probak bezainbeste urte ditu afizionatuentzat antolatzen den aro berriko karrerak ere. Zaldibiako III. Sari Nagusia igandean jokatuko da, 23 urtez azpiko amateurrentzat. Gailurrerantz kirol elkarteak antolatu du. Lehendakari txapelketako azkeneko proba da. Afizionatuen euskal denboraldiko itxiera ere bada. Larunbatean Oñatin eta igandean Zaldibian dira Lehendakarin geratzen diren bi lasterketak.
Txirrindulariak 10:00etan abiatuko dira, plaza paretik. 110,7 kilometroko ibilbidea dute. Karreran zehar, Zaldibiako herrigunetik lau aldiz igaroko dira (tarteko helmugak dituzte denetan). Larraitz (Zaldibia aldetik) eta Gaintza dituzte mendateak. Helmugara 12:46 inguruan ailegatuko direla aurreikusten da bide-orrian.
Zaldibia Sari Nagusia 2013-9-22 ibilbidea