Atletismo erakustaldia antolatu dute larunbaterako Ordizian
Datorren urriaren 5ean, larunbatean, Ordiziako Plaza Nagusian atletismo erakustaldia egingo dute Txindoki-Jaso Atletismo Taldekoek antolatuta. Hain justu ere, altuera jauzia, pisu jaurtiketa eta hesien probak egingo dituzte. Erakustaldiaz gain, atletak euren artean lehiatuko dira eta irabazleak sarituko dituzte.
Hauek dira altuera jauzian arituko diren atletak: Super Amara Bat taldeko Mikel Matey Andres, 2,03koa da bere marka pertsonala; Atletiko San Sebastieneko Julen Iruretagoyena Casco, 1,96 markarekin; eta Real Sociedadeko Carlos Cid Recio eta Pablo Cid Recio, 2,03 eta 2,01 errekor pertsonalekin. Real Sociedad taldeko Edorta Aranburuzabala ere Ordizian egongo da. Altuera jauzian bere marka pertsonala 2,14koa da; iaz Ordizian garaile izan zen, 2,07 saltatuta. Aurten, altuera hori gainditzen duenak ere sari berezia izango du.
Pisu jaurtiketan, bestalde, Txindoki taldeko Gari Garmendia, Alta Torres, Amets Otaegi, Ane Torres eta Joseba Berasain; eta Tolosa C.F.ko Iñaki Romero eta Real Sociedadeko Odei Lopez arituko dira. Hesietan zein arituko diren zehazteke badute ere, oraingoz Tolosa C.F.ko Lander Gil egongo da erakustaldian.
Herritarrei desafioa
Erakustaldiaren ondoren, edonork parte hartu ahal izango duen proba egingo dute. Hain justu ere, Eneko Agirrezabal eta Gorka Satrustegik bina itzuli eman beharko dituzte erdigunean. Ausartzen diren beste 4 pertsonek itzuli bana egin beharko dute. Desafioaren irabazleak afaria eta 100 euro eramango ditu.