Entsegu lokalak lortu izana ospatuko dute aurtengo Ordiziarrocken
Urriaren 17tik 19ra egingo da Ordiziarrock 2013 jaialdia eta sorpresaz beterik etorriko da. Hamar urteko ibilbidearen ondoren, jaialdi berezia izango dute aurtengoa. Urteurrenaz haratago, hainbeste urtez eskatzen aritu diren entsegu lokalak herriko taldeen eskura daudela ospatuko dute. Hain zuzen ere, urriaren 14an egingo dute Majorin udalak prestatu dituen zortzi lokalen irekiera iluntzeko zazpietan.
Urko Ruiz de Apodakak eman dio Goierriko Hitzari entsegu lokalak lortzeko egin behar izan duten bidearen berri. Biharko alean argitaratuko den elkarrizketan atzera begiratu eta Ordiziako Trobadore Alaiaken sorrera, nahiz ondorengo Ordiziarrock jaialdiaren sorreraz aritu gara antolatzailearekin. Jaialdiak sortu zenetik “aldaketa ugari” izan dituela dio. Kontzertu eta skate txapelketan oinarritzetik, “musikaren inguruko lanketa sakonagoa” egitera pasa dira. Urte hauetan zehar Funky Punkie Party malagarren eskutik gorrentzat kontzertua antolatu dute eta Emarrock proiektua Ordizian aurkeztu zutela ere gogorarazi du.
Edonola ere, aurtengo jaialdiko izar handia Don Letts (London, 1956) musikari eta zinema zuzendaria izango da.