Herri Antzokiari buruz spot lehiaketa antolatu dute Ataunen
Ataungo Herri Antzokiaren erabilera eta eskaintza zabaltzeko asmoan, spot lehiaketa antolatu dute kudeatzaileek. Ikusle gehiago erakarri nahi dituzte, eta bideo laburren bidez, ataundarrak animatu behar dituzte parte-hartzaileek, antzokira joan daitezen. Gaia, “animatu herritarrak Herri Antzokira gerturatzen» da.
Sakelako telefonoak, argazki kamerak, bideo kamerak eta halako gailuak erabil litezke grabatzeko. Lanak bi eta hamar minutu bitarteko iraupena izan behar du.
Lehiaketan parte hartzeko, ostirala (urriak 4) da izena emateko azkeneko eguna. Udaletxera hots egin (943 18 00 11), hara joan, edo Herri Antzokiaren posta elektronikora mezu bat idatzi behar da (herriantzokia@gmail.com). Irudiak antzokiaren barruan hartu nahi izanez gero, eguna eta ordua adostuko dituzte bi aldeek.
Sustapen bideoak asteburuetako film emanaldien aurretik botako dituzte, ondoren. Sare sozialetan eta udal webgunean ere ipiniko dituzte.
Parte hartzen duten guztien artean Herri Antzokirako sarrerak zotz egingo dituzte, bertan antolatuko dituzten ekitaldiak ikusteko. Bideoak bakarka edo taldean presta litezke.