Idiazabalen egingo dute Euskal Herriko gazta lehiaketa
Euskal Herriko gazta lehiaketa Idiazabalen egingo dute, hilaren 25ean. Orain arte txapelketa hau Hegoaldeko hiriburuetan antolatu dute, baina hemendik aurrera urtero Idiazabalen jokatuko dute.
Ioritz Imaz alkatea «oso gustura» ageri da. Berak azaldu du zergatik antolatuko duten txapelketa Idiazabalen. «Artzain Gazta elkartea urtero toki eta egun berean antolatzearen alde agertu zen eta elkartearen egoitza Idiazabalen dagoenez, lehiaketa bertan egingo dute. 1996tik Artzain Gaztarekin elkarlanean ari gara eta elkartearen lokala udalak utzitakoa da. Lehiaketa Idiazabalera ekartzea detaile polita da».
Euskal Herriko gazta txapelketa Artzain Gaztak antolatzen du eta orain arte Hegoaldeko lau hiriburuetan egin dute, txandaka. Lau herrialdeetako hamar onenek parte hartzen dute, 40 gaztagilek guztira.
Gipuzkoako gazta lehiaketa iraileko lehen igandean jokatu zuten Legazpin, Artzain Egunaren baitan, eta bost goierritar sailkatu ziren Euskal Herriko txapelketarako: Olaberriako Aizpea, Ordiziako Joseba Insausti, Segurako Karmele Murua, Ataungo Troskaeta elkartea eta Zumarragako Berroeta.