Joxan Iza artista bergararraren lanak ikusgai daude igandera arte
Joxan Izaren (Bergara, 1961) Low Cost erakusketa ikusgai dago Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeko areto nagusian. Erakusketa datorren igandera arte zabalik egongo da. Hamabost koadrok osatzen dute bilduma. Margolan horietan guztietan teknika ugari nahasten ditu: akrilikoa, olioa, akuarela, errotulagailua, arkatza, grabatuak eta inpresio digitalak. Lanen formaren azpian naturaren eta hiriaren arteko dialektika dago. Bi esparruen aldakortasunari heltzen dio artistak, hori dela eta hainbeste teknika eta kolore.