Lazkaon garagardo festa egingo dute, bihartik larunbatera
Lazkaon garagardo feria izango da, Gerriko kultur elkarteak antolatuta. Bihar (osteguna) irekiko dute, eta larunbatera arte emango du zerbitzua, 18:00etatik aurrera. Plazaren eta frontoiaren artean txosna bat muntatu dute —aurten ez da karparik egongo—. Pilotalekuan 200 bat lagunentzat jateko tokia atonduko dute.
Zortzi garagardo mota eskainiko dituzte, iazko kopuru berbera, aldaketa batekin. Pitxar garagardoak 3,50 euro balioko du, litro erdiko edukierako edalontzian. Berritasun gisa, aurten edalontzi txikiagoa eskuratzeko modua ere jarriko dute, neurri hori baino gutxiago edan nahi duenarentzat: 0,29 litroko pitxar txikiak salduko dituzte, eta garagardo trago horrek 2 euro balioko du.
Janaritan ere aukera zabala egongo da. Garagardo festetan ohikoak diren jakiak afaldu ahalko dira: txerri txonkoa, saltxitxak, hirugiharrea, solomoa eta postreak. Menu osoa 25 euroan salduko dute: txonko bat, saltxitxak, bi postre eta bi pitxar garagardo sartzen dira. Aparte aukeratzekotan, ogitartekoek 4 euro balio dute, saltxitxek patata-purearekin 5 euro…
Disko jartzailearen musika
Garagardo festak beste osagai bat ere izango du. Disko jartzaileak bi gau musikaz alaituko ditu. Arkaitz Sebastian DJ lazkaotarra ariko da zeregin horretan. Ostiralean eta larunbatean egingo ditu musika emanaldiak, 22:30a inguruan hasi, eta 01:00ak arte.
Festatik ateratzen diren irabaziak Berria egunkariaren eta Gerriko elkartearen artean erdibanatuko dituzte. Txandak elkarteko bazkideen artean «osatu samar» dituzte, eta haiek ariko dira lanean.