Gazta txapeldunetan txapelduna aukeratuko dute bihar Ordizian
Bihar, asteazkeneroko azokarekin batera, Ordizia Txapeldun gazta lehiaketaren XXVI. ekitaldia egingo da Udaletxeko arkupetan. Azken hamar urteetan irailean Ordiziako ardi latxaren gazta lehiaketako irabazleak euren artean lehiatuko dira. Ekitaldia Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak eta Udalak antolatu dute, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz.
Lehiaketa goizeko hamaiketan izango da eta honako artzainak bilduko dira: Angel Errasti Oñederra (Ardi Gazta Kooperatiba,Azpeitia), Jesus Ansola Juaristi (Mausitxa baserria, Elgoibar), J.Aranburu Elkartea (Idiazabal); Jon Etxebarria (Zeanuri); eta Ricardo Remiro (Eulate).
Hiru lote hoberenek diru-saria jasoko dute: 300 euro irabazleak, 200 bigarrenak eta 100 hirugarrenak. Hamarretik zazpiko puntuazio gainditzen badute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratzeko aukera izango dute. Lehenengoak, Urrezko Gazta irabaziko luke zortzi puntu eta erdi baino gehiago lortuz gero.