Atzo iluntzean egin zuten Urretxun Herriar plataformaren aldeko mozioa aurkezteko ez ohiko osoko bilkura. Udalbatza osatzen duten alderdi guztiek hartu zuten parte bertan, PSE-EE alderdiko bi zinegotziak salbu. Mozioa aurkeztu ziren alderdi guztien aldeko botoekin onartu zen. Oihane Zabaleta alkateak horrelako mozioak «ahalik eta babes handienarekin onartzea» gustatuko litzaiekeela esan zuen bilkuraren amaieran, eta PSE-EE alderdiko zinegotziak parte hartu ez izana «pena bat» zela esan zuen.
Ez ohiko kontzertua eskainiko du Zumarragako Musika Bandak datorren igandean, 13:00etan, Zelai Arizti aretoan. Luis Orduñaren zuzendaritzapean bandak Zumarragako hainbat sortzaileren lankidetza bilatu du. Mary Francok aurkezpena egingo du, Josu Maroto margolari bakarlaria izango da eta musika nahiz pinturaren lotura zabalagoa Arte Ederren Udal Eskolako kideen eskutik iritsiko da.
Ramon Esnaola (Urretxu, 1917-2013) musikaria hil da. Umetatik musikari lotutako gizona izan zen. Musika tresna ugari jotzen bazekien ere, txistuarentzat toki berezia egin zuen bere musikari ibilbidean. Urretxuko txistularien irakasle izan da urtetan; lehenengo bere etxean eman zituen eskolak eta Sekundino Esnaola musika eskolan beranduago. Esnaolak sortutako musika da, besteak beste, musikariak utzitako ondarea. Bideoan, 2010. urtean, bere abestiekin egin zuten CDa aurkezteko ekitaldia ageri da.
Xabier Celestino Muñiz margolariak (Iruña, 1957) Entre chien et loup izenburupean pintura erakusketa ireki berri du Urretxuko Juan de Lizarazu erakustokian. Lanbidez irakaslea bada ere, koadroak pintatzen ditu denbora librean. Parisen hasi zituen Arte Ederren ikasketak, ondoren utzi eta Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campusean amaitu zituen arren.