Ordiziako eta Lazkaoko EAJk eta PSEk Bilduk atez ateko bilketa ezartzeko izandako 'jarrera' salatu dute
Ordizian zein Lazkaon egindako prentsa agerraldi banatan kritiko agertu dira EAJ eta PSE alderdietako kideak Bildurekin. Batzuk zein besteek atez ateko hondakin bilketaren aldeko apustua udalbatzaren “adostasunik gabe” egin izana egotzi diote Bilduri.
Ostiralean jarri zuten martxan Lazkaon gaikako hondakin bilketa berria. Hala, gaur goizean herriko EAJ eta PSE alderdietako kideek prentsa agerraldia eman dute elkarrekin gaiaren gaieko iritzia emateko. Patxi Albisuk, atez atekoa ezarri aurreko prozesuan atzera joz, Bilduk herrian sistema hau ezartzeko erabakia prentsa bidez izan zutela gogorarazi du. “Azeari Andonegik sistema eraginkorrena atez atekoa zela baina adostasunera iristea garrantzitsuagoa zela esan zigun”, zioen Albisuk. Horregatik, EAJko kideak Lazkaon egindako parte hartze prozesua “aurre hartua zegoen erabakia justifikatzeko” erabili dela salatu du.
Zinegotziak, bestalde, Lazkaon bereiztuta jasotzen den organikoaren pisatzea otsailean hastea aurreikusten zen arren, azkenean abuztuan hasi dela esan du: “Orain atez atekoaren bilketaren alderatzko soilik abuztuko eta iraileko datuak ditugu”.
Kostuei dagokionez, Albisuk atez atekoaren ezartzea 140.000 eurotik gora kostako dela azaldu du eta bilketa, berriz, 210.000 gora; azken hau gaur egun 100.000 baino gutxiago kostazen dela esan du.
Dena dela, atez atekoa jartzeko erabakiari errespetoa zor zaiola esan du EAJko zinegotziak. “Bilduk gehiengo absolutua du Lazkaon eta erabili egin du. Horrek esan nahi du bere gehiengoak erabakitzen duela, nahiz eta besteok ados ez egon”, esan du.
Hitz gogorrak Ordizian
Atzo iluntzean Ordiziako EAJ eta PSEkoek ere agerraldia eman zuten atez ateko hondakin bilketa gai hartuta. Atez ateko bilketaren aurka uda aurreko hilabeteetan antolatutako ekimenetan parte hartu zuten herritarrei “eskerrak” eman zizkien.
Era berean, gogor hitz egin zuen EAJko zinegotzi Jose Migel Santamariak Bilduren udal gobernuaren aurka. “Ordiziarrak behin eta berri erakutsi dute aspertuta daudela Bilduren gobernuaren inposaketaz, intrantsigentziaz eta errespetu zein begirune faltaz”, esan zuen Santamariak. Krisiari aurre egin ordez “bere hondakin borrokan” murgildu izana ere leporatu zien. Bilduk legea alde izan arren, legitimitatea galdu egin duela esan zuen EAJkoak. “Bilduk, azaldu duen portaera eta jarreraren bidez, bere benetako aurpegia erakutsi du: inposaketa, autoritarismoa, intolerantzia, despotismoa, beldurra, engainua eta manipulazioa tresna politiko gisa”, esan zuen.
Hala ere, Bilduri “hau oraindik ez dela amaitu” ohartarazi zien EAJkoek. Etapa berri bat hastear dela zioten eta lanean jarraituko dutela atez atekoaren aurka. Diren baliabide legal guztiak erabiliko dituztela eta hartu daitezkeen neurri guztiak hartuko dituztela aurreratu zuten, nahiz eta ez zuten egitasmo zehatzik aurkeztu. Gainera, datorren legegintzaldian gobernatzen badute herri kontsulta ofiziala egingo dutela esan zuen Santamariak “herritar gehienek nahi duten bilketa sistema hautatzeko”.
Herritarrei balkoietan zabor poltsak jartzeko dei egin zien zinegotziak: “Inposatu dizkiguten kuboek baino gutxiago molestatzen dute eta garbiagoak dira”.