
Ataungo udal gobernuan dagoen EH Bilduk eta oposizioko Herrigintza udal taldeak akordioa lortu dute hondakinen bilketaren inguruan. Beste zenbait auzo herritan sortu den polemika eragotzi, eta herrian sortzen diren hondakinen «%70-80 edo gehiago sei hilabeteren buruan birziklatzea» ahalbidetuko duen formula adostu dute bi aldeek. Atez atekoaren eta kaleko edukiontzien arteko batura da sistema.
Modu sinplea bezain erraza ideiatu dute Ataunerako: errefusaren kaleko edukiontzi berdea kendu egingo dute, eta atez ate biltzen hasiko dira hondakin mota hori, bizikla ezin daitekeena. Gainerako hondakinak kaleko edukiontzietan jasoko ditu Sasietak, gaika, gaur egun bezala.
«Era honetara, ataundarrok zaborra gaika sailkatuko dugu, geure etxeetan. Neurri honekin birziklatze tasa ez balitz %70 edo 80ra iritsiko, beste hondakin-zati bat gehituko genioke atez ateko bilkerari», azaldu du udalak, gaur, herritarrei banatutako oharrean.
Hondakin organikoa bereizteko ahalegina indartuko du udalak, bestetik. Auto-konposta, auzo-konposta eta hegazti-konposta —hitzaldi batean azaldu zuten teknika hori, Ataunen— bultzatuko dituzte, «herritik ahalik eta organiko gutxiena ateratzeko helburuarekin».
Bilerak maiztasunez
Ataungo hondakin bilketa sistema berritzailearen hasiera noiz izango den ez du zehaztu udalak. «Datozen hilabeteetan» jarriko dela aipatu du. Aurretik, informazioa banatuko dute etxeetara.
Udalak dioenez, Ataungo bi udal taldeak «maiztasunez» elkartu izan dira «azken hilabeteetan», hondakinen kudeaketaren «garrantzia ikusirik». «Bilera horien helburua, batetik, Ataunen ahalik eta hondakin-tasa handiena birziklatzeko bidea bilatzea zen; eta, bestetik, tasa horietara iristeko sistema berriak ahalik eta adostasun eta babes handiena lortzea. Akordioa lortu dugu EH Bilduk eta Herrigintzak, eta horrenbestez, adostasunez hasiko dugu Ataunen, datozen hilabeteetan, zabor bilketa sistema berria», dio oharrak.
Bileretako hainbat jakingarri ere zabaldu dituzte, aurre-baldintza bezala ezarri zituztenak. Erabakiak bi aldeek osatutako «mahai honetan» hartuko zirela hitz eman zuten, eta han adostutakoa herritarrei jakinarazteko komunikazio kanpaina egingo dela. Kanpaina hasten denetik bi hilabete baino lehenago ez da zabor bilketa modu hori hasiko.
Beste puntu batek dio, «elkarrekin egingo dugu bidearen hasiera bezala, errefusaren edukiontzia kendu eta atez ate biltzen hasiko ginateke».
Arlo politikoan lortu duten akordio hori herritarrengana zabaldu nahi dute bi alderdiek, «zabor bilketa jasangarriagoa» ekarriko duen sistema jartzeko.