Atera dute txondorreko ikatza Lizarraustin
Eguraldi ona lagun, jende ugari elkartu da goizean Lizarraustin eta inguruetan. Irailaren 22tik txondorra piztuta eduki ondoren, gaur eguerdian itzali dute, eta atera dute barruko ikatza. Lurra Natur Zerbitzuak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatutako ekimen honen bidez Aralarren ikazkintza eta basogintza historian zehar nolakoa izan den ezagutzeko aukera izan dute bisitariek.
Hainbat gora-behera eta susto txikiren bat ere izan dute Lizarraustin txondorra piztuta egon den bitartean, eta gaur ura erabiliz hoztu behar izan dute ikatza. Ondoren, ikatz hori zakuetan sartzea zen asmoa, baina beroegi zegoela eta “ondo hozten utzi eta datozen egunetan” zakuratuko dutela igararri du Marronek, Lizarraustiko Parketxeko arduradunak.
Txalaparta eta Zero Sette Akordeoi Taldearen musikarekin girotu dute txondorra itzaltzeko ekitaldia, eta bertan elkartu dira goizean Akerretaraino mendi buelta egin dutenak ere. Bazkaria ere egin dute, ikazkin menua janez: baratxuri zopa, babarrunak eta mamia.