Lehen sektorearen garrantzia nabarmendu dute Idiazabalen herriko ekoizleek
Azoka berezia egin dute gaur goizean Idiazabelen. Herriko nekazariek eta abeltzainek ekoitzitako produktuak eta hazitako ganadua kalera atera dute, gainerako herritarrek ikusi ditzaten. Plazan eta frontoi zaharrean elkartu dira. Frontoi zaharrean behorrak, behiak, ardiak, ahuntzak… jarri dituzte ikusgai, eta plazan, baserrietako produktuak, baserrietan erabiltzeko erremintak eta baserrietako produktuekin egindako eskulanak.
Lehen sektoreari indarra ematea eta lehen sektorearen garrantzia azpimarratzea izan dira gaurko azokaren helburua, eta udaletik adierazi dutenez, aurrerantzean, iaz egin bezala, urtero urriaren 12an egingo dute azoka hau Idiazabalen. Udalak hilabete asko daramatza herrian lehen sektorea indartu nahian, eta gaurko azoka helburu horren barne sartzen da. Eguerdian, azokari amaiera emateko, Urbizu baserrian hazitako txekorra jan dute.