Aritz Egea urretxuarrak laugarren postua lortu du munduko mendi lasterketen sailkapenean
Denboraldi bikaina egin eta gero, Aritz Egea urretxuarrak laugarren bukatu du Sky Running World Series-eko sailkapen orokorrean. Pasa den igandean jokatu zen denboraldiko azken lasterketa, Limone Sul Garda (Italia) izenekoa, eta Egeak hirugarren bukatu zuen.
Igandeko proban erasokor atera zen urretxuarra, David Schneider austriarrarekin batera. Kilian Jornet ere batu zitzaien gero, eta hirukoteak jarraitu zuen lasterketaren buruan. Ionut Zinca ere gertu zuten. Behereakoan, Jornet lasterketaren buruan jarri zen; Schneider berriz, atzera gelditu zen, baina Egeari Zincak hartu zion aurrea. Azkenean, Jornet izan zen azkarrena helmugan; Zinca sartu zen haren atzetik, eta Egeak osatu zuen podiuma.
Postu honi, urtean zehar World Serieseko gainontzeko lasterketetan egindakoak gehitu behar zaizkio. Zegama-Aizkorrin 10. bukatu zuen, Matterhorn-en 7. eta Limonek 3. tokian. Emaitza horiei esker lortu du sailkapen nagusiko 4. postua. Zoriondu dutenen artean dago Kilian Jornet bera; Egea “aurtengo errebelazioa” izan dela esan du twitterren. Urretxuarra ere gustura agertu da, “espero ez zuen amets bat betetzea” izan delako.