Ezker abertzaleko gazte erakundeen kontra Madrilen egiten ari diren epaiketaren barruan, Xumai Matxain zaldibiarrak deklaratu zuen atzo. Arazoak izan zituen itzulpenarekin, eta euskaraz hasi bazen ere, gazteleraz bukatu behar izan zuen. Auzitegitik aterata, "jasotako babesarekin oso gustura" daudela azaldu zuen. Berarekin batera auzipetuen artean dagoen Ion Telleria idiazabaldarrak grabatu du ondorengo bideoa.
Etzi, 19:00etan Un loco de desatar antzezlana ikusteko aukera dago Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Buruko gaixotasunak dituztenen guraso talde batek antolatu du ekintza Zumarragako Udalaren diru laguntzarekin. Antzezlana ikusteko sarrerak aurretik salduko dituzte aretoko leihatilan 5 euroan; biltzen duten dirua gurasoek jasoko dute ekintza gehiago prestatu ahal izateko.
Leire Lopez beasaindarra aske geratu da, 2008ko azaroaren 17tik preso egon ostean. Herenegun gelditu zen aske, baina, gaua Madrilgo hotel batean igaro zuen, familiakoekin eta lagunekin batera, atzo goizean etxera itzultzeko bidaia hasi aurretik. Iluntzean berriz, herritarrek harrera beroa egin zioten, Beasainera iritsi zenean.