Bizipozaren Jaiak 10.370 euroko etekina utzi du
Lazkaon irailaren 22an ospatu zen Bizipozaren Jaiak 10.370 euroko etekin garbia utzi du. Hala jakinarazi zuen antolakuntzak batzordeak atzo, balorazio bilera egin ondoren. Bertan ziren ILGE Irrien Lagunak Gizartegintza Elkarteko ordezkariak ere, Joxe Mari Agirretxe Porrotx buru zutela. Eskerrak eman zizkien lazkaotarrei —argazkian, herenegun—. Festaren «balorazio positiboa» egin dute, eta helburuak betetzat jo dituzte. Lazkaotarrek koadro bat oparitu zieten ILGEkoei, urteko festa antolatzeko herria aukeratzeagatik. Diruaren erdia (5.185 euro), ILGEri ematea adostu dute, elkartea indartzeko. Festan 6.200 sarrera izan ziren (%20 Irrien Lagunak klubeko bazkideak), 900 bazkari eta 800 talo zerbitzatu ziren, eta 25 ekitaldi izan ziren. 18 elkartek parte hartu zuten.