Iturgaitzagako birkokatzeko etxebizitzak Imaz eraikitzaile enpresak egingo ditu
Lazkaon abian da Iturgaitzaga eremuko hirigintza plana. Etxebizitza blokeak eraikitzen ari dira. Oraingoz bi etxe-sail daude hasita —egitura altxatuta dute—, Etxeberrikoa eta Agautza Berri sustapen enpresen bitartez. Etxeak egin ahal izateko, lehenagoko hainbat bloke eraitsi behar izan dituzte, eta gehiago botako dituzte. Horietako bizilagunak birkokatzeko, Lazkao Lantzen udal enpresak etxebizitza bloke bat egingo du, bi sustatzaileen eraikuntzen erdian —PR14 lursailean—.
Lazkao Lantzenek Migel Imaz SA eraikitzaile enpresa izendatu du birkokatzeko etxebizitzak egiteko. Denera 44 bizitza izango ditu. Urriaren lehenean ireki zituzten lehiaketa publikora aurkeztutako eskaintzak, eta Imazena lehenetsi zuten. Lanen esleipenak 3.027.010,98 euroko balioa du.