Kanileko urak edateko ez daukala inolako kutsadurarik ebatzi dute analisiek
Azken egunotan Goierriko zenbait herritan zurrumurrua zabaldu da Arriarango urtegiko ura edateko kaltegarria ote den, azken boladan hainbeste ugaritu diren kaioen alarmarekin lotuta. Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak egin dituzten analisiek, ordea, adierazi dute “ezohiko ezer ez” duela urak. Alegia, erabat edangarria dela. Aurreko astean zenbait herritan —Lazkaon, kasu— gastroenteritis kasuak ugaritu izana kanileko urarekin lotu dute zurrumurruek. Osakidetzak ostegunean San Benito ikastolaren eraikinetan hartu zituen ur laginak, eta ostiralean plazako iturritik. Analisien emaitzek ez dute ezer kaltegarririk eman, Azeari Andonegi alkateak esan duenez.