Lan erreformaren aurka mobilizazio astea deitu du ELAk Goierrin
Iazko otsailean Espainiako gobernuak onartu zuen lan erreformak «Goierriko enpresetan duen eragina salatzeko» mobilizazio astea deitu du ELA sindikatuak urriaren 21etik 25era, Xabier Olaizola Goierriko metaleko arduradunak esan duenez.
Goierriko langileek «enpresetan egoera larria bizi dute lan erreformaren ondorioz», esan du Olaizolak. Erreforma honek «langileen eskubideak eta beraien lan baldintzak suntsitu» ditu. Eta kontratara «nahi dutena egiteko boterea eman die enpresariei». Honen aurrean, erreformari aurre egiteko modu bakarra «enpresa hitzarmenak sinatzea zela esan zuen ELAk iazko otsailean».
Lan hitzarmenak enpresetan
Denborak arrazoia eman diela esan du Olaizolak. Izan ere, eskualdean lan hitzarmenak sinatu dituzten enpresetan «langileen eskubideak eta lan baldintzak mantendu» egin dira. Akordio horiek hitzartu ez direnetan aldiz, «langileek eskutitz bat jaso dute lan baldintzak aldatzen zaizkiela edo aldatu daitezkeela esanez».
Honek enpresa hitzarmenak sinatzeko lanean «gogor» jarraitu behar dutela erakutsi die, nahiz eta «negoziazioak oso gogorrak» izaten ari. Horregatik, mobilizazio astea deitu dute urriaren 21etik 25era. Hitzarmena negoziatzen ari diren enpresetan «greba astea» deitu dute, eta hitzarmen hauen datozen hilabeteetan landuko diren horietan bilerak deitu dituzte, «langileak informatuta edukitzea garrantzitsua» delako. Era berean, kiroldegietan, osasungintzak eta irakaskuntza kontzertatuan «hiru eguneko greba deialdia» egin dute.
Mobilizazio astearekin amaitzeko manifestazioak egingo dituzte hiriburuetan, eta nazio mailako beste bat Bilbon «urriaren 24an, 10:00etan La Casillan».
Era berean, asteburu honetarako pentsioen erreforma dela eta, Gune plataformak deitutako manifestazioekin bat egin du, eta gizarteari «larunbatean lau hiriburuetan egingo diren manifestazioetan» parte hartzera gonbidatu ditu Aitor Goenaga Goierriko ELAko arduradunak.