Leire Lopez beasaindarra aske geratu da, 2008ko azaroaren 17tik preso egon ostean. Herenegun gelditu zen aske, baina, gaua Madrilgo hotel batean igaro zuen, familiakoekin eta lagunekin batera, atzo goizean etxera itzultzeko bidaia hasi aurretik. Iluntzean berriz, herritarrek harrera beroa egin zioten, Beasainera iritsi zenean.
Leire Lopez beasaindarra aske geratu da, 2008ko azaroaren 17tik preso egon ostean. Herenegun gelditu zen aske, baina, gaua Madrilgo hotel batean igaro zuen, familiakoekin eta lagunekin batera, atzo goizean etxera itzultzeko bidaia hasi aurretik.
Lopezek azaldu duenez, herenegun arratsaldeko 18:15ean jakin zuen albistearen berri: «Pijama jantzita nengoen liburu bat irakurtzen, eta funtzionario batek esan zidan Agente Judizialarengana joateko nire trasteak hartuta. Nik albiste onak al ziren galdetu nion». Hala, Agente Judizialarengana joan, paperak bete eta aske gelditu zen beasaindarra.
Lopezek albistea jakiterako bidean zituen familiakoak eta lagunak, bere bila. Madrilgo hotelaren aurrean, herenegun hasi ziren Segiko auzian epaituak izaten ari diren gazteek harrera egin zioten Lopezi, Agurra dantzatuz. «Sentimenduz betetako unea izan zen niretzat», dio Lopezek.
Eta atzo iluntzean iritsi zen Beasaina, familiako eta lagunarteko kidez inguratuta. 19:30ean iristekoa bazen ere, 20:00ak jota iritsi zen. Ez zen musu eta besarkadarik falta izan. Agurra ere dantzatu zioten herriko hainbat haurrek eta helduk, txistulariek lagunduta. Eskerrak eman zituen Lopezek eta «preso eta iheslariak etxera ekarri arte borrokan jarraitu» behar dela esan zuen.
Leire Lopezek ezin ukatu zezaken poza atzo Beasainen. Baina, «oraindik errepresioaren dinamikak jarraitzen» duela gogorarazi zuen, eta «batzuk irteten badira ere, beste batzuk sartzen ari dira eta beste asko sartzeko bidean daude».