Erantzun ezberdinak izan dituzte Kristau Eskoletan eta AICEko ikastetxeetan deitutako lanuzteek
ELA, CCOO, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuek deituta, ordu beteko geldialdia egin dute Euskal Autonomi Erkidegoko hainbat Kristau Eskolak eta AICEko ikastetxeek. Geldialdia deitu dutenen arabera, “jarraipena ia erabatekoa izan da”. Goizeko 08:00etatik 11:00etarako denbora tartean egin dute ordubeteko geldialdia ikastetxe ezberdinek. 2.000 irakasle eta langile, 250 bat eskolatakoak, zeuden lanuztera deituak, eta “gehien-gehienek” bat egin dute, sindikatuen esanetan.
Zumarragako La Salle Legazpi ikastetxean, esaterako, ordu beteko geldialdia egin dute, gaur goizeko lehen orduan. Aitor Macho, ikastetxeko zuzendariak azaldu zuenez, hala ere, “ikasleen eskubideak bermatzeko neurriak” hartu dira, ikasle horiei geldialdiak eragin ez diezaien. Beasaingo La Salle San Jose ikastetxean, berriz, geldialdirik ez egitea erabaki du: “Arrazoiak azaldu ostean bozketa egin dugu eta horren bidez adostu dugu geldialdirik ez egitea”. Arrazoi horiek “ikastetxe barruko gauzak” direla eta ez dituzte azaldu nahi izan.
ELA sindikatuko Iñigo Collerak azaldu duenez, “Urola Garaiko Lanbide eskolan ez dute geldialdirik egin, jada negoziatzen ari direlako hitzarmen propioa eta Goierri Lanbide Eskolan ere enpresa hitzarmena aurrez ere bazutelako ez dute egin geldialdirik”, azaldu du.
Lan itunaren negoziazioa dute eztabaidagai. Soldaten jaitsieragatik protestan ari dira langileak, eta lan itun berri bat negoziatzeko eskatzen. Aurreko lan ituna agortzen utzi eta Espainiakoa ezarri nahi izatea egotzi diete zuzendaritzei. Negoziatzeko borondaterik ez izatea ere leporatu diete.
ELA sindikatuko Iñigo Collerak adierazi duenez, “irailaren 26an aurrera hasi ziren hitzarmenak Urola Garaiko Lanbide Eskolan, eta beraz, zerbaitetarako balio izan du”. Gaurko geldialdiez ere balorazio “postitiboa” egiten du: “Berriro ere, Kristau Eskolak gurekin mahaian esertzea nahi dugu, baina, inolako kondiziorik jarri gabe, ez alde batetik ez eta bestertik ere”.
Aurrerabiderik ezean, azaroaren 25eko astean mobilizazio gehiago egingo dituztela ere ohar egin dute sindikatuek.
Irailaren 26an egindako protesten berri, hemen.