Ordizian egingo du lehen geldialdia 'Ika Mizka' egitasmoak
Gazteak euskararen erabileraren garrantziaz sentsibilizatu eta jarrera aktiboagoak bultzatzeko jarri dute martxan 2013ko Ika Mizka zirkuitua. Lehenengo saioa ostegun honetan izango da Ordizian, Mondragon Unibertsitatearen Goierriko campusean. Hurrengoan azaroaren 14an, Eibarren eta abenduaren 3an, Irunen izango da.
“Euskarak etorkizunik badu, gazteen eskutik etorriko da”. Hala azaldu zuten joan den ostiralean egitasmoaren bultzatzaileek egin zuten agerraldian. Ika Mizka. Eta hik? Nola bizi dunk euskara? izango da egitasmoaren leloa. Iaz bezala, proiektuak hainbat alorretako aurpegi ezagunak eta gazteak bilduko ditu mahaiaren bueltan, euskaraz eta euskara bizitzeko moduez hitz egin eta eztabaidatzeko. Hala, taldeka, gure hizkuntzaren inguruan edo honen bitartez bizi izandako esperientziak partekatuko dituzte “euskaraterapia” moduko batean: pozak, oztopoak, kontraesanak, aurrerapausoak, ezintasunak, aldaketak, anekdotak…
Zinema, musika, kirola, dantza, literatura, telebista eta beste hainbat esparrutako profesional esanguratsuen inplikazioak euskararen erabilera sustatzen lagun dezakeela uste baitute antolatzaileek. Bizipenak partekatzearekin batera, posible bada, ondorioak, konpromisoak eta aterabideak ere adostuko dituzte parte hartzaileek.
Nerea Alias arduratuko da saioetan aurkezle edo dinamizatzaile lana egiteaz. Dagoeneko hainbat pertsona ezagunek iragarri dute mahai inguruetan egongo direla; tartean, Aitziber Garmendia aktorea eta Koldo Telleria arkitektu goierritarrak. Izena eman nahi duten gazteek, bestalde, www.gaztezulo.com atariko Ikamizka gunean ageri den formularioa bete beharko dute eguna eta txanda aukeratuta.