Eguren eta Asenjo proposamen zerrendarekin.
Gaur goizean aurkeztu dute Igor Eguren alkateak eta Iban Asenjo Garapen Iraunkor eta Mugikortasunerako zinegotziak Mugikortasun Iraunkorrerako I. Plana Barrena kultur etxeko atarian. Urte hasieratik hona landu duten planaren helburuak dira hiritarren bizi kalitatea hobetzea, hirigintza plangintza iraunkorra sustatzea, energiaren balantzea hobetzea eta biztanle guztiak kontuan hartzen dituen hiri antolaketa bat egitea. Era berean, Ordizian egin daitezkeen hamairu ekintza jasotzen ditu planak.
Plana osatzen duten proposamen horiei buruzko xehetasun guztiak Barrenan bertan antolatu duten erakusketa batean jasotzen dira. Azaroaren 11ra arte planaren ardatz nagusiak ezagutu eta iritzia emateko aukera izango dute herritarrek. “Argi utzi nahi dugu erakusketan jasotzen direnak proposamenak direla, eta proposamen horiek herritarrekin partekatu nahi ditugu, haien iritziak jasotzeko”, azaldu du Igor Eguren alkateak. Hamahiru proposamen horietatik hiru aukeratu beharko dituzte herritarrek galdetegi bat betez, norberak dituen lehentasunen arabera. “Bidegorri sarearekin, aparkalekuen egoerarekin eta oinezkoen joan-etorria hobetzearekin zerikusia duten proiektuak dira”, azaldu du.
Mugikortasunarekin zerikusia duten obren gainean, Iban Asenjok gogorarazi du orain egun gutxi amaitu direla tren geltokitik Bonberia pareraino doan bidegorri zatiaren pintatze eta seinaleztatzen lanak. Hala, Ordiziak 3,1 kmko bidegorria du. CAF enpresak pasabideari dagozkion urbanizazio lanak amaitu ondoren, Ordizia eta Lazkao artean dagoen Beasaingo ibilbide motz bat geratuko da lotzeko.