Bost lagun artatu dituzte Beasainen, sute baten ondorioz
Bart gauean sutea piztu da Beasaingo etxebizitza batean, eta bost lagun artatu behar izan dituzte osasun zerbitzuek, kea arnastuta. Erauskin kaleko etxebizitza batean gertatu da ezbeharra, goizaldeko 01:30ak aldera, oraindik argitu gabeko arrazoiak direla medio. Suhiltzaileek berehala itzaldu dute sua.
Suak berak ez du inor zauritu, baina kea izan da kalterik handienak eragin dituena. Hala, eraikinean bizi diren emakume bat eta adin txikiko bi gaztetxo artatu behar izan dituzte; erreskate lanetan parte hartu duten bi ertzaina ere Zumarragako ospitalera eraman dituzte, haiek ere, kea arnastuta.