Datozen egunetan egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko dei egin du LABek
Goieri Beheko LABek datozen egunetan egitekoak diren mobilizazioen berri eman du gaur goizean Beasaingo LABen egoitzan. “Enplegu eta negoziazio kolektiboaren defentsan lan harreman eredu berri baten alde”, azaroaren 28rako deitu duen Mobilizazio Eguna eta azaroaren 30ean Donostian egingo den manifestaziora inguratzeko deia egin dute Haizea Mendiak eta Usua Lasak. “Bi mobilizazio hauek, langabeziaren salaketa egitea eta enplegu duina sortuko duten neurri duinak aldarrikatzea dute helburu” beraien esanetan. Horretarako alternatiba, herri honen ezaugarri propioei erantzuten dien eredu berri batetik etorriko dela aldarrikatu dute.
“Azken bost urteetan 203.000 lanpostu baino gehiago suntsitu dira, eta dagoeneko Hego Euskal Herrian 210.000 lagun baino gehiago langabezian daude, hauetako ia erdia inolako babes gabe.
LABekoek azaldu dutenez, Goierri Behean 1.550 lanpostu suntsitu dira eta gaur egun 2.600 lagun daude langabezian. “Gainera, gaur egun, enplegua edukitzeak ez du bermatzen bizi duina garatu ahal izatea: 10 langiletik 4 pobrezia mailan daude”, diote.