Ataungo Herri Antzokiaren erabilera suspertzeko ekitaldiak antolatuko dituzte
Ataungo Herri Antzokiaren arduradunek eta udalaren kultura sailekoek azpiegitura hori gehiago erabil dadin lortu nahi dute. Asmo horretan, irail-urri partean kurtso berria hastearekin batera, herritarrei ekarpenak egiteko bidea ireki zuten. Ataundarrek eman dituzte zenbait ideia, eta gehiago jasotzen ari dira antzokiko kudeatzaileak.
Helburua, Herri Antzokiari zukua ateratzea da. Herriko bizitza antzokian bertan lantzea, garatzea eta islatzea. «Erabiltzea», laburbildu du, hitz bakarrean, Garazi Etxeberria dinamizatzaileak. «Orain arte zinemarako bakarrik erabiltzen zen, eta bi urtean behin egiten den Jentilen Etorrerako antzerkiaren entseguetarako. Baina gauza gehiagorako ez. Hori zabaldu nahi dugu, eta gehiago nola erabil daitekeen lantzen ari gara», dio Etxeberriak.
Hala, antzokiaren eskaintza astegun buruzurietara ere zabaldu dute, azken hiru hilabeteotan. Astean zehar, adibidez, Hiru Txilipurditan zirko eskolak eta dantza taldeak erabiltzen dute antzokia.
Asteburuetan, berriz, zinema-emanaldiek osatuko dute, normalean, eskaintza. Duela aste pare bat hasi zuten denboraldia.
Asteburuetako zinema-emanaldiek harrera ona izan ohi dute. «Jendea etortzen da. Bataz beste, pelikulen emanaldi bakoitzean 30 bat lagun izaten dira. Umeen saioetan, gehiago: 40-60 haur tartean izan ohi dira. Ataunerako oso ondo dago kopuru hori».
Sorkuntzan ere eragile aktibo
Herri Antzokiaren funtzionamenduaren mamia «ekitaldiak» izango dira. Mota askotako ikuskariak, kontzertuak, saioak eta emanaldiak jarri nahi dituzte. Ataungo kultura-agenda osatu, azken batean.
Aurrerantzean ekitaldiak antolatzeari ekingo diote. «Gabonetan familiako guztientzat ipuin kontalari bat izango da; abenduaren 27an Eñaut Elorrieta kantaria etorriko da kontzertua egitera, Memoria Historikoaren lanketaren barruan; urtarrilerako ere badaude ekitaldiak pentsatuta…», zenbatu du Etxeberriak.
Biboletak Ataungo emakume taldea ere hilean behin —normalean hilaren azkeneko ostiralean— pelikula bat ematen hasiko da. Gaiari buruzko solasaldia burutuko dute gero.
Herriko talde, eragile eta elkarteek agertoki modura erabiltzeko ohitura indartzea da, batetik, Herri Antzokiaren asmoa. Bestetik, entitate bezala, ekimenak sortzearen motore ere izan nahi du, ekitaldiak antolatzearen eta bultzatzearen ardura nahiz lana bere gain hartuta. «Herri Antzokitik bertatik antolatu dugu, adibidez, Pello Añorgaren irakurketa ikastaroa. Asmo gehiago baditugu aurrera begira, baina oraindik ez dago ezer zehaztuta».
Herritarren eskaerak, ekarpenak eta iritziak ahal den neurrian betetzen saiatuko dira orain, «denen gustua egiteko».













