'Mintzodromoa' egingo dute Lazkaon, Euskararen Egunean
Euskararen nazioarteko egunaren harira, Euskarak 365 egun kanpaina abiarazi du Euskal Herriko Euskaltzaleen Topaguneak. Herenegun hasi zen kanpaina, eta abenduaren 8ra arte hainbat ekitaldi izango dira herrietan. Euskararena «egun bakarreko kontua ez» dela aldarrikatuko dute, urte osoko konpromisoa baizik.
Lazkaon, Gerriko kultur elkarteak, San Benito ikastolak, Maizpide euskaltegiak eta Udalak bat egin dute kanpainarekin. Asteartean, abenduak 3, gauzatuko da herrian burutuko den ekitaldi bakarra, Euskararen Egunean.
Mintzodromoa antolatuko dute, plazako frontoian, 18:00etatik 19:00etara. Adin guztietako herritarrak elkartu, talde txikietan bereizita jarri, eta euskaraz hitz egitea da ekimenaren helburua. Euskaraz ez dakitenentzat ere bada. Ondoren, kantua, gaztainak eta sagardoa izango dira. Aurrez, herrigunean barrena euskarari buruzko afixak itsatsiko dituzte. Hogei herritarren testigantzak ere bildu nahi dituzte, bakoitzaren esaldi bana nabarmenduta.