«Lasaia naiz, baina nazioarteko txapelketetan urduri jartzen naiz»
Adur Alustiza (Segura, 1996) ehiztari familiakoa da: bere aitona ehiztaria zen eta bere bi osabekin eta Igor Larrea lehengusuarekin joaten da ehizara.
Nolatan hasi zinen ehizan?
Aitonarekin txiki-txikitatik joan nintzen ehizara. Aitona hil zen eta orain osabekin eta lehengusuarekin joaten naiz. Aitonak Daniel Larrea zuen izena. Seguran bizi zen, baina Zegamakoa zen. Zegaman zaletasuna handia dago.
Plater-tiroketan ere aritzen zarete.
Bai. Lehengusuak zaletu ninduen. Berak lehiaketa pila bat irabazi ditu, baina nik oraindik ez. Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldunordea izan naiz 21 urte azpikoen mailan. Espainiako eta munduko txapelketetan ere parte hartu dut; horietan ez dut emaitza onik lortu.
Non entrenatzen duzue?
Astean bizpahiru aldiz Oiartzunera joaten naiz osabekin eta lehengusuarekin.
Ehizara nora joaten zarete?
Galeperretara Nafarroara joaten gara eta oilagorretara Huescara (Aragoi, Espainia). Asteburu honetan ere joango gara. Lagunak Ormaiztegiko jaietara doaz, baina nik nahiago dut ehizara joan.
Amets egiten hasiz gero, nora joango zinateke gustura?
Argentinara. Han ehiza asko dago, baina bidaia benetan garestia da.
Zer nahiago duzu, plater-tiroketa ala ehiza?
Ehiza. Txakurrekin egiten da eta askoz ere gustukoagoa dut. Txakurrak etxekoak ditugu, setter eta spaniel arrazakoak.
Igor Larrea, zure lehengusua, munduko onenetakoa da gazte mailan. Aholkuak ematen al dizkizu?
Berak nola egiten duen begiratzeko esaten dit. Aurpegia eskopetan ondo sartzea eta kontzentratzea ere gomendatzen dit. Lasaia naiz, baina nazioarteko txapelketetan urduri jartzen naiz. Izan ere, ez dut nahikoa esperientziarik.
Zure lehengusuak bera baino hobea izango zarela dio.
Ikusi egin beharko da. Saiatuko naiz, baina bera oso ehiztari eta plater-tiratzaile ona da.
Zeintzuk dira zure helburuak datorren urterako.
Ahalik eta gehien hobetzea.
Kirol garestia da zuena.
Hala da. Eskopetak, platerak eta kartutxoak oso garestiak dira. Ahal dugun moduan moldatzen gara. Nire lehengusuak babesleak ditu, baina nik ez oraindik.