Iñaki Azurmendik irabazi du Euskal Herriko aizkolari txapelketa
Iñaki Azurmendi arriarandarrak (Beasain) irabazi du Euskal Herriko aizkolari txapelketa. Lan bikaina eginda 38 minutuan bukatu du lana, eta beasaindarraren atzetik sailkatu dira Aitzol Atutxa (bi minutu eta erdira) eta Floren Nazabal (hiru minutu eta erdira).
Pozik agertu da Azurmendi txapela irabazita, baina batez ere “lan ona” egin duelako: “Uste dut txapela irabazi ez banu ere, arantzatxoa hor edukiko nuen, baina egindako lanarekin gustura geratuko nintzateke. Aurretik ere lanak ondo eginda etorri naiz eta gustura etorri naiz txapelketara”.
Gainontzeko aizkolariak aurretik izan ditu hasierako enborretan arriarandarrak, baina bere erritmoari eutsi eta txapela irabaztea lortu du. Lanik handiena erdiko enborretan izan duela esan du proba amaitu duenean. “Bigarren eta hirugarren enborrean adarrak ere tokatu zaizkit eta aizkora handi xamarra nuen eta beldurrez ibili naiz eta hor aurreratu dira gainontzekoak”, aipatu du. Adarra tokatuta ere diferentzia handirik ez diote atera eta gustura aritu da “onbikoetarako esperantzarekin” geratu da eta bertan erabaki da txapela.
Onbikoen lana amaitutakoan ikusi du Azurmendik txapelketa irabazteko aukera asko zituela, eta hor “sinistu” du txapela berea izan zitekeela. “Ordura arte ezin da txapelketa irabazitzat jo, egur bat txarra atera daitekeelako edo beste edozer pasa daitekeelako, eta bukatu arte ezin da ezer sinistutzat eman”.
Aurretik jarri denean ere “aizkoran gehiago” egin duela esan du arriarandarrak, “gustura” aritu dela. “Korteak ere hobeto egiten dira lasai ari zarenean, eta horrek lanak hobeto egitera eramaten zaitu”. Txapelketaren aurreko bi hilabeteetan gogor entrena du Azurmendik, uda partean izandako lesioetatik aldenduta, eta lan horren emaitza ere izan da gaurko txapela. Hala aitortu du, behintzat, hamabi enborrak ebaki ondoren.