Hare Haizeako kideak Urretxuko supermerkatu batean jasotakoa biltzen
Hare Haizea Goierri garaiko Sahararen aldeko elkarteko kideek jaso dituzte jada supermerkatuetan zein eskoletan utzitako elikagaiak eta osasun gaiak. Oraindik ez dute behin betiko kontaketa egin, baina Mari Mar Renedok aurreratu duenez, «iaz bildutakoaren erdia jaso dugu». Renedok, hala ere, esker ona agertu die Urretxuko, Zumarragako zein Legazpiko biztanleei, «badakigu ez direla garai onak eta herritarren esfortzua asko estimatu dugu». Hamabi urte dira Renedok Aljerian errefuxiatutako sahararrentzat janari bilketa egiten duela. Beti jaso dituzte produktu berak: arroza, pasta, lekaleak, hegaluzea eta sardinak. Konpresak ere jaso dituzte. Bildutako guztia X. Euskal Karabanan eramango dute Tinduf-eko (Aljeria) kanpalekuetara, martxoan.