Ihes egin zion partidak Ampo Ordiziari bigarren zatian
Ez zuen egunik onena izan atzokoan Ampo Ordiziak. Madrilgo Complutenseko Cisneros hartu zuten etxean goierritarrek; 19 eta 40 galdu zuten. Lehen zati bikaina egin zuten Ordiziakoek; bigarrenean ordea zelaitik desagertu zen taldea.
Atsedenaldira iritsi zirenean 14 eta 9koa erakusten zuen markagailuak. Lehen zati bikainaren ondoren, bigarrenak itxura ona zuen. “Ampo Ordizia desagertu egin da Altamiratik”, diote klubetik. Madrildarren ostikatzaileek ez zuten hutsik egin, guztiak sartu zituzten.
Min egin zuen, gainera, goierritarren taldean Mikel Garciaren kanporaketak. 29. minutuan izan zen; 50 minutu falta ziren amaierarako eta Ampo Ordiziak jokalari bat gutxiagorekin egin beharko zion aurre talde madrildarrari. Konkista faseetan Ampo nagusi zian zen, baina bost fase baino gehiago zituen jokaldietan Cisnerosekoak nagusi ziren. “Presio ezak denbora ematen zien madrildarrei pentsatzeko eta jokaldiak egiteko; lehen plakajetan eginiko hutsak gehituz gero, ez zegoen zereginik”, diote.
Dagoeneko datorren asteko erronkari begira jarrita dago taldea; Hernaniren aurkako derbia jokatu beharko dute. Larunbatean izango da norgehiagoka Hernaniko Landare-Tokin arratsaldeko 16:30.