Bakegintzari buruz mahai-ingurua egingo dute ostegunean Ataunen, bost alderdi politikorekin
Bakegintza zertan da? Galdera horixe egingo diete, etzi, Ataunen, Eusko Legebiltzarrean dauden bost alderdi politikoen ordezkariei. Atauniker kultur elkarteak mahai-ingurua antolatu du, bakeari, berori lortzeko bideei eta sortu diren arazoei buruz hitz egiteko. Ataungo udaletxean da solasaldia, ostegunean 19:00etan hasita.
Oraindik hizlarien izenik baieztatu ez badute ere, EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP eta UPDko ordezkariak bilduko ditu Ataunikerrek. EITBko kazetari Jon Aizpuruak gidatuko du.
«Bakearen gaia hitzetik hortzera darabilgu azkeneko urteotan. Bidean zela uste zen, baina izaten dira oztopo eta ustekabeak», dio Ataunikerrek. Erpin ugari jorratuko dituzte: zer da bakea, gizartearen parte-hartzea, biktimak, bergizarteratzea, oroimen historikoa, erakundeen eta egiaztatzaileen lana, ETAren eta gobernuen erantzukizuna…