Inauteria bihar ospatuko dute gazteek Lazkaon eta Legorretan
Inauteri festak ofizialki aurreko asteburuan ospatu baziren ere, Lazkaoko eta Legorretako gazte asanbladek biharko gorde dute ospakizuna. Egun osoko egitarauak prestatu dituzte, bi herrietan. Inauteri giroarekin jai giroa zabaldu nahi dute kalean. Mozorrotzea «nahitaezkoa» izango da.
Legorretako Gazte Piku asanbladak egitarau oparoa osatu du. Eguerdian hasiko da festa, plazan, pintxoak eta sagardoa doan banatuta.
Bazkari legea ere plazan egingo dute, 14:30ean. Eta horretarako, jakia bertan prestatzeko aitzakia ere ipini dute: marmitako txapelketa egingo dute aurrez. 14:15erako aurkeztu behar dira platerak.
Arratsaldean, ipuin kontalariak eta jolasak jarriko dituzte, plazan, 16:45ean. Musikarekin txikiteoa (18:30) eta Emakumearen Eguneko bilkura (19:30) ere iragarri dituzte.
Legorretako festa borobiltzeko, gauean musika kontzertuak izango dira, gaztetxean, 23:30etik aurrera. Gabiriako Guri5! taldeak eta Dolce%Tangana taldeak joko dute. Mozorroa «beharrezkoa» izango dela aurreratu dute Gazte Pikuko antolatzaileek. «Gure aurtengo helburua herritarrak mozorrotzea eta plaza-giro bat sortzea da. Herritarrak bazkaltzera animatu nahi ditugu, eta Korpus egunean sortzen den antzeko giroa lortu, denborarekin.
Mozorrotzeko deia haur, guraso, gazte eta helduei egin diete.
Lazkaon ‘itsasoa’ da gaia
Lazkaoko Gazte Asanbladak ere antolatu du inauteri festa, hirugarren aldiz. Mozorrotzeko gaia itsasoa jarri dute, eta horrekin zerikusia duten jantziak, koreografiak zein muntaiak egiteko gonbidapena zabaldu diete lazkaotar guztiei, gazte nahiz larri.
Eguerdi partean plazara irten ondoren, bazkaria Amebi sagardotegian egingo dute gero. Autobus zerbitzua egongo da, eta bazkaria ere barne, 16 euro kostatuko da. Txartelak erosteko azkeneko eguna atzo izan zen.
Iluntzean Lazkaoko herri guneko tabernetan jarraituko du inauteri giroak.













