Stock azoka, igeriketa, atletismoa eta pintxo ibilbidea, lehen asteburuan
Ekintzaz beteta dator Udaberrian Martxanen lehen asteburua Ordiziara. Merkatarien, ostalarien eta kirolarien artean antolatutako hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango da.
Ordizia Urpekoak taldeak EHUIFren laguntzarekin, Ordizia Urpekoak Saria antolatu du lehenengoz; bihar jokatuko da Majoriko igerilekuan goizez zein arratsaldez.
Espainiako bost taldek hartuko dute parte eta guztira 130 igerilari inguru izango dira bertan. Parte hartzaile bakoitzak bi proba egin ahalko ditu, amaierako erreleboaz gain. Goizeko saioa 10:00etatik 13:00etara, eta arratsaldekoa, 16:30etik 20:00etara izango dira. Sari banaketa 20:00etan hasita egingo da.
Goizeko jardunaldian 50 metro urazaletik, 400 metro urazaletik, 400 metro murgilaldian eta 200 metro urazaletik probak egingo dituzte. Arratsaldeko saioan, 100 metro murgilaldian probaz gain, goizeko proben finalak egingo dira. Azken proba gisa 4×100 metro urazalean errelebo mistoa egingo da; 2 mutil eta 2 neskek osatuko dute talde bakoitza.
Bigarren kirol ekitaldi bat ere izango da bihar. Altamirako atletismoko pistan eskolarteko txapelketa jokatuko da 10:30etik 13:00ak bitartean.
Ordiziako saltokietako produktuak ere kalera aterako dituzte gaur eta bihar. VII. Stock eta Kale Azoka antolatu du Ordizian Elkarteak udalarekin elkarlanean. Stock azokan 20 saltokietako produktuak jarriko dituzte, Ordiziakoak zein beste hainbat herritakoak. Beren denda atarietara beste 8 saltokik aterako dituzte denboraldiko produktuak.
Beti Alai frontoian haur parkeaz gozatzeko aukera izango dute txikienek. Gaur arratsaldean irekiko da, bihar goizez eta arratsaldez, eta igandean, goizez. Ludoteka, puzgarriak, diverbikes, mahai-futbol puzgarria, tenis mini jokoa, jumpinga zein bestelakoak egongo dira.