Zaldibiako Udalak 1,5 milioi onartu ditu 2014ko aurrekonturako
Zaldibiako Udalbatzak atzo iluntzean egin zuen osoko bilkuran onartu zuen 2014. urterako udal aurrekontua. Guztira 1.544.431,26 euro izango ditu. Gastuen eta sarreren artean, 13.000 euro inguruko aldea geratuko den aurreikuspena egin dute.
Krisi egoera eta «garai zaila» dela onartu du udalak, eta abelera horretan bai zerbitzuak, bai baliabideak mantentzea izango da 2014an zehar eginbehar nagusia. Batetik, gastu sozialari eta udal lantaldeari eutsiko diola ziurtatu du udalak. Orain lanean ari diren behin-behineko kontratudun langileek beste urtebete jarraituko dute, eta pertsona bat gehiago hartuko dute, Ongizate sailerako.
Bestetik, udalak ematen dituen zerbitzuek eta laguntzek «bere horretan» iraungo dute aurten.
Ildo horretan, baliabideak hobetzera bideratuko du udalak ahalegina, azpiegiturak nola findu eta gastuak nola optimizatu ikertuz, besteak beste. Kaleko argiteria publikoan teknologia berriko sistemak jartzen jarraituko du, adibidez. Ur sarean galerak eragozteko lanak egingo dira.
Herri izaerari begira, aniztasun eta berdintasun proiektuek segimena edukiko dute. Baina indarrak beste hausnarketa prozesu batean ere jarri nahi dituzte aurten: herri mailako gogoeta parte-hartzaile bat garatuko da.
Hein berean, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berritze aldera, arauak idazten ari da udalak.
Araztegiko lur saila salduta
Zaldibiako Udalak urte osoan zehar 1.544.431 euro jasotzeko aurreikuspena egin du. Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa izango da sarrera handiena (925.802 euro). Zuzeneko zergen bidez 298.428 euro jasoko ditu, eta tasen edo bestelako sarreretatik 235.151 euro gehiago.
Gastuei dagokienez, 1.531.480 eurokoak zenbatu ditu, aurrekontuan. «Sarrerek eta irteerek berdin ez ematearen arrazoia araztegia zegoen lur sailaren salmenta da», azaldu du udalak.
Gastuetatik, inbertsiorako guztira 141.000 euro bideratuko dira (ikus alboko zerrenda).
Finantzarioki, Zaldibiako Udalak egoera ona duela nabarmendu du udal gobernuak. Zorpetze maila baxua du gaur-gaurkoz, %2,88koa.
Egitasmoak eta diru izendapenak
Inbertsioak 2014rako
- Bideak. Herri bideak berritzeko plangintza. 35.000 euro.
- Argiteria. Kaleko argiterian energia aurrezteko eta argi-kutsadura gutxitzeko, 37.000.
- Ura. Ur sarea zuzentzeko, 25.000 euro.
- Parte-hartzea. Proiektuarentzat 15.000 euro.
- Lorategiak. Lorategi publikoak aldatzeko, 15.000.
- Hiri antolamendua. Plan orokorra idazteko, 14.000 euro.
- Ingurumen arloa. Lehen sektorerako makinaria erosten inbertsioa. Olakosaroin hesiak jarri. Tellerira oinezkoen herri-bidea bukatu.
- Ongizatea. Aniztasun proiektuarekin segi. Herriko helduen azterketa egin. Langile bat kontratatu. ‘Berdinbidean’ proiektuarekin jarraitu.
- Zerbitzuak. Argiteria hobetzen segi. Ur sarean mantentze lanak. Hondakinen gaia findu.
- Hirigintza. Herri-bideak konpontzen segi. Kaleko zuhaitzak aldatu. Arau subsidiarioen idazlanarekin jarraitu.
- Kultura. Eskaladarako koltxoia. Musika gailu berria erosi.
- Parte-hartzea. Herri hausnarketa sakona egin batzarretan, Itten programaren laguntzaz.