Gebara etxeari buruzko egia
Gebara etxearekin gertatzen dena. Guztiek dakite herriko etxe zaharrena dela, baina inork gutxik ezagutzen du bere horma sendoen atzean ezkutatzen den historia tristea. Rafa Berasategik historia hori ezagutzera ematea erabaki du. Horretarako, datuak bildu ditu eta etxearen maketa egin du. Berasategiren Gebara etxeari buruzko kezka ez da harritzekoa. Izan ere, bere jaiotetxearen ondoan dago. Oso argi du eraikin horren historia ezagutzera eman behar dela. «Seguran eraikin berezi bat badago, hori Gebara etxea: bai bere ezaugarriengatik eta bai bere historiagatik. XV. mende bukaerakoa da».
Segura garai hartan Gaztelaren esku zegoen eta Gebara Gaztelaren kuartela zen. «Inguru hau Nafarrei kendu zietenean, Gipuzkoak ez zuen existitzen oraindik, etxea gaztelarren kuartela zen. Garai hartan bi dorre handi zituen. Pentsa zer izango zen segurarrentzat kale estu hartatik pasatzea.».
Etxeak, dorreez gain, gaztelu batek zituen gainontzekoak zituela esan du Berasategik. «Kartzela, soldaduentzat eta zaldientzat tokia… zituen. Eraikina kanpotik ederra zen, baina barrutik beldurgarria».
Berasategik ondo asko daki zertaz ari den. Izan ere, bere lagun batek Simancaseko (Valladolid, Espainia) artxiboan Nafarroako konkistarekin zerikusia duten datuak lortu ditu eta bertan segurarrak aipatzen dituzte. «1521eko ekainaren 19an, Logroñoko plazan desfilatu zutenen zerrenda lortu dugu. Bertan, segurar asko ageri dira, euren izen-abizenekin. Horiek guztiek Gaztelarekin borrokatu zuten, Nafarroaren aurka. Izan ere, garai hartan hau Gaztela zen eta gerrara joaten ez zenari lurrak kentzen zizkioten eta bere familia desager arazten zuten».
Rafa Berasategi (Erraztiolatza museoko arduraduna) Gebara etxea kanpotik ederra zen, baina barrutik beldurgarria: Gaztelaren koartela zen»Egungo Gipuzkoatik 1.805 lagun joan ziren eta horietatik 137 Segurakoak ziren. Seguraren barruan Zegama, Zerain, Mutiloa, Legazpi, Gudugarreta, Idiazabal, Ormaiztegi, Gabiria… sartzen ziren. Zumarragatik 79 joan ziren eta Ordiziatik 81. Segura garai hartan oso herri garrantzitsua zen. Tolosak eta Donostiak bakarrik bidali zituzten soldadu gehiago. Soldadu horien guztien buru Juan Belez de Gebara joan zen. Berasategik ikertu duen etxeko nagusia. Berasategik oso argi utzi nahi du euren agirietan Nafarroako gudan borrokatu zuten vascongadoak aipatzen badira ere, izen hori garai hartako asmakizun bat dela. «Hau Nafarroa zenean, Vascongadak eta Gipuzkoa ez ziren existitzen. Izen horiek Gaztelak asmatu zituen gure arteko aldeak handitzeko». Maketaren ezaugarriak Segurarrak, datuak biltzeaz gain, eraikinaren maketa bat egin du eta Erraztiolatza museoan ikusgai jarri du. Maketa egiteko, zeramikazko 5.900 harri txiki erabili ditu. XVIII. mendeko grabatu batean oinarritu da maketa egiteko. «Horrek ez du esan nahi egin zutenean halakoa zenik», azaldu du Berasategik. Izan ere, erregeak, jauntxoen boterea mugatzeko, jauregi batzuen dorreak ebakitzea agindu zuen. Horien artean zegoen Gebara. Izan ere, bertako jauntxoa ere oso boteretsua zen.