Goierrin 37 txirrindularitza lasterketa jokatuko dira aurtengo denboraldian
Euskal txirrindularitzak iaz profesionaletako erreferente garrantzitsuena galdu zuen arren –Euskaltel-Euskadi taldearen desagerpena–, harrobiko eta amateur mailako ziklismoak aurre urteetako kopuruari eusten dio, oraingoz. Goierrin, esate baterako, mantendu ez ezik, zertxobait igo egingo da 2014an karrera kopurua. Iaz 32 jokatu baziren, aurten 37ra igoko da kopurua.
Tartean, maila goreneko hitzorduak izango dira, gainera: Euskal Herriko Itzuliaren lehen bi etapak Ordizian izango dira. Duela 40 urte hasi zen leku berera itzuliko da ikuskizuna, apirilaren 7ko etapa gogorrarekin eta 8ko Ordizia-Urdazubi hasierarekin.
Afizionatuen Euskadiko Txapelketa Ataunen lehiatuko da, iaz bezala. San Martin Probaren urrezko ezteiekin bat egingo du, ospakizun urtean. Emakumeen Euskal Birak ere keinua egingo dio urteurrenari: Bira ekainaren 12an hasiko da, eta 15ean Ataunen bukatuko da. Emakumeen proba bakarra da Goierrin.
Amateurren arlokoak izango dira gehientsuenak, 9 proba guztira. Gipuzkoako Txapelketa ere Goierrin jokatuko da; Lazkaon, apirilaren 26an. Bost karrera Euskaldun lehiaketarako baliagarriak izango dira, elite mailako afizionatuentzat. Beste bi Lehendakari lehiaketakoak izango dira, 23 urtez azpikoenak. Nola Euskaldun, hala Lehendakari, Goierrin bukatuko dira gainera, Zegaman eta Zaldibian, hurrenez hurren.
Espainiako Kopako klasiko bat ere mantenduko da, Legazpiko Santikutz jaietakoa. Estatuko txirrindulari amateur onenak han lehiatuko dira, maiatzaren 1ean.
Kadeteena ere Ataunen
Bereziki urte lantsua izango da Ataungo Agauntza txirrindulari elkartearentzat. Lau proba antolatuko dituzte. Aipaturiko afizionatuen Euskadiko txapelketa, Emakumeen Biraren bukaera eta haurren proba batez gain, kadeteen Gipuzkoako Txapelketa ere Ataunen jokatuko da, Aiako lasterketan, maiatzaren 17an.
Juniorren egutegian Goierrin 12 proba jokatzea aurreikusi du Gipuzkoako Txirrindularitza Elkargoak; kadeteek bost eta haurrek beste bost izango dituzte.