Hasi da Iparra-Hegoa
Euskal herrien ohituren, kulturen eta hizkuntzen topaleku izaten da Segura. Euskaldunen arteko harremanak naturaltasunez sortzeko eta irauteko sortu zen Iparra-Hegoa duela 19 urte.
Ekitaldirik gehienak eta nagusienak martxoaren 31tik apirilaren 6ra izango badira ere, dagoeneko hasi dira Abian gara! egitarauko ekitaldiak. Gaur bertan, 19:30ean, H-Eden Lapurdiko taldearen kontzertua izango da, Botikaxaharrean. Datorren ostiralean, berriz, Nafarroa Beheko Aire Ahizpak abeslarien txanda izango da.
Hiru erakusketa ikusteko aukera ere izango da egunotan Seguran. Igandera arte, Elkar ezagutzetik, elkar aitortzera, herriz herri zubiak eraikitzen erakusketa ikus daiteke Botikaxaharren. Astelehenetik (hilaren 24tik apirilaren 6ra) aurrera, berriz, leku berean, Gure lurra, gure etorkizuna erakus- ketarekin, agroindustria, klima aldaketa, txirotasuna, Via Campesina, irtenbideak, agroekologia, elikadura burujabetza, nekazaritza iraunkorra eta etorkizuna gaiak landuko dira bertan. Era berean, Joxemari Telleria segurarraren Segura marrazkitan erakusketa ikusteko aukera izango da, kultur etxe zaharrean, apirilaren 6ra arte.
Gerra, amildegi eta zubi
Aurtengo Iparra-Hegoaren gai nagusia, gerra izango da. 1914an hasitako Lehen Mundu Gerraren mendeurrena aitzakia hartuta, Ipar Euskal Herrian ekarri zuen pentsaera aldaketa sakonean aztertuko du Eneko Bidegainek martxoaren 31n, eta Benjamin Duinatek apirilaren 1ean. Josu Txuekak, berriz, apirilaren 2an, 36ko gerra eta errefuxiatuak gaia landuko du.
Apirilaren 3an, bertso afaria, apirilaren 5ean Euskal Herriko zazpi herrialdeetako produktuen azoka berezia eta apirilaren 6an Gereziondoko ekitaldia izango dira.