Museoak 25 urte
Udaberrian beteko du Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak sortu zeneko 25. urtemuga. Tomas Zumalakarregiren bizi izan zen Iriarte Erdikoa baserrian 40ko hamarkadan dagoeneko jarri zituzten general karlistaren hainbat objektu ikusgai. 1989an, ordea, Gipuzkoako Aldundiak hainbat objektu eta dokumentu eskuratu eta museoaren ibilbideari hasiera eman zion. Imanol Murua ahaldun nagusi zela egin zuten irekiera ekitaldia urte hartako maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Egunean.
Udaberrian beteko du Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak sortu zeneko 25. urtemuga. Tomas Zumalakarregiren bizi izan zen Iriarte Erdikoa baserrian 40ko hamarkadan dagoeneko jarri zituzten general karlistaren hainbat objektu ikusgai. 1989an, ordea, Gipuzkoako Aldundiak hainbat objektu eta dokumentu eskuratu eta museoaren ibilbideari hasiera eman zion. Imanol Murua ahaldun nagusi zela egin zuten irekiera ekitaldia urte hartako maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Egunean.
Zalantzarik gabe Ormaiztegin erreferentziazko gune bilakatu da Zumalakarregi Museoa. Aldundiaren zerbitzu publikoa den arren, harreman estua dute bertako udalarekin.
Proiektu honen parte izan dira hasiera-hasieratik Lurdes Azpiazu eta Mikel Alberdi; koordinazio lanetan aritzen da lehenengoa; artxibo eta dokumentazio zerbitzuko arduraduna da bestea. Duela sei urtetik eurekin dabil lanean Ane Aranburu ere, eta heziketa zerbitzuez arduratzen da bera.
Atzera begira
Urte luzeetako lana jasotzen du Iriarte Erdikoa baserriko museoak. Izan ere, mende laurdenak askorako eman du. Atzera begiratu eta hamaika lan, hamaika proiektu garatzen ikusi dute. Derrigorrez Idoia Estornesen eta Paloma Mirandaren lana goraipatzen dute Alberdik zein Azpiazuk museoaren sorrerari buruz hitz egiteko garaian. Miranda bera museoan aritu zen lehen hamar urteetan lanean aholkulari gisa.
Hasiera batean Tomas Zumalakarregiren eta Lehen Karlistaldiaren inguruan zentratu zen museoa. Pixkanaka, ordea, Bigarren Karlistadetara eta, orokorrean, XIX. mendera zabaldu dute ikerketa eremua, abiapuntua ahaztu gabe. Zumalakarregi eta karlistadak aitzaki hartuta, XIX. mendeko Euskal Herria ezagutzeko Erreferentzia Zentro bilakatu dute. Gizarte, kultura, ekonomia eta politikari lotutako aldaketa sakonak bizi izan zirenez, mende hartarainoko bidaia eskaintzen dute erakusketa, multimedia gune, tailer eta ekitaldien bidez.
Erakusketa iraunkorraz gain, XIX. mendea, bi munduan arteko zubia, XIX. mendeko esploratzaileak, XIX. mendea karikaturetan edo Petit de Meurvilleren Loreak asmatzen gisako erakusketa ibiltariak dozenaka izan dira. Urte hauetan sortu eta landu duten altxorretako bat sarean ikusgai dagoen artxibo digitalarena da; 4.000 dokumentu inguru jarri zituzten edonorentzat erabiltzarri.
Zortekodun sentitzen dira Mikel Alberdi zein Lurdes Azpiazu proiektuaren parte izateaz. Alberdik Historia ikasketak amaitu eta irakaskuntzan-edo muturra sartzear zela jaso zuen Zumalakarregi Museorako gonbita. «Nere saltsan nabil hemen», dio orain. Azpiazurentzat ere «luxua» da proiektuaren parte izatea: «Zenbat lan zoragarri egin ahal izan ditudan, zenbat jende ezagutu… hauxe da gustatzen zaidana eta honetan aritzeko aukera edukitzea izugarria da».
Museoan duten lanik edo piezarik kuttunenaz galdetzean ezinezko egiten zaie erantzutea. Bitxia da Donostiako panoramika jasotzen duen XIX. mendeko akuarela, esate baterako. 1994an Christie’s enkante etxe ospetsuan azaldu zen Londonen eta aldundiak erosi zuen. Bereziak izan daitezke Karl F. Henningsenen ilustrazioak ere, Tomas Zumalakarregi bizirik zela egindako bakarrenetakoak edo karlistek zein liberalek gerrateetan erabilitako jantziak. «Ezinezkoa da bat aukeratzea. Batzuk balio handia dute historikoki, besteek istorio berezia gordetzen dute atzean…», dio Azpiazuk.
Interneten iraultza
Hogeitabost urteren bueltan museoko proiektua aldatzen eta osatzen joan den bezala, lanerako baldintzek eta balibaideek ere asko aldatu dute bertako langileen egunerokoa. Izugarria da teknologia berriek ekarri duten aldaketa. «Pentsa, hasieran idaz makina bat bakarrik genuen!», dio Alberdik. Orain pentsaezina izango litzateke gisa hartan lan egitea. «Teknologia berriek, Internetek batez ere, aldaketa ekarri du. Artxibo digitalarekin hasi ginenean dokumentuak nola digitalizatu erabakitzeko buruhausteak izan genituen; orain emailez eskaerak jaso eta berehala bidaltzen ditugu», dio Azpiazuk.Hogeitabost urte eta gero zer landu ba ote dagoen galdetzean ideiarik ez zaiela falta diote.
Musika, lehiaketa zein erakusketarik ez da faltako ospakizunetan
Duela hiru aste egin zuten Zumalakarregi Musoean 25. urteurreneko lehen ekitaldia. Hain justu ere, zentroari dohaintzan dokumentuak zein objetuak eman dizkion jendeari euren eskertza erakutsi nahi izan zieten. Oraindik, urtean zehar egingo duten ekitaldien berri eman ez badute ere, aurreikusia dute udaberrian ekitaldi nagusiren bat egitea. Museoko katologoa berritzea, erakusketak zein kontzertuak ez dira falta izango. Museoko grabatu zaharretan agertzen diren lekuen argazkiak ateratzeko ere proposatuko diote jendeari.