«Euskaldunak apustua berekin du, gehienean»
Apustu munduarekin egin zuen bizitzako apustua Martin Erauskin zaldibiarrak, orain hamasei urte. Eta aldeko atera zaio. Pilota partidetako apustu artekari lan egiten du, eta ez da damutu harakin lanbidea utzi eta frontoietan hastearekin. Jokoaren erresuman, negozio bat gehiago da apustuena. «Norbere buruan kontrola izan», horixe da bizirauteko legea.
Apustu munduarekin egin zuen bizitzako apustua Martin Erauskin zaldibiarrak, orain hamasei urte. Eta aldeko atera zaio. Pilota partidetako apustu artekari lan egiten du, eta ez da damutu harakin lanbidea utzi eta frontoietan hastearekin. Jokoaren erresuman, negozio bat gehiago da apustuena. «Norbere buruan kontrola izan», horixe da bizirauteko legea.
Nola funtzionatzen du pilotako artekari lanbideak?
Gu autonomoak gara, bakoitzak beretzat egiten du lana. Enpresa baten izenean aritzen gara, eta hari ordaintzen diogu. Baina bakoitzak gure bezeroak ditugu, eta enpresak ez dauka zerikusirik hor. Gu enpresarekin eta bezeroekin; horregatik gara artekariak.
Zenbat artekari zarete?
Aspen zortzi eta Asegarcen hiru. Gehienean lana erdi bana egiten dugu, jada. Denak batera, edo eremuka. Enpresak esaten digu nora joan eta zenbat. Orain, txapelketa garaian, ostirala, larunbata, igandea eta batzuetan astelehena lan egiten dugu. Partidak Iparraldean baldin badira ezin dugu joan, han apustua debekatuta dago eta.
Zu noiz hasi zinen artekari?
Nik 16 urte daramat honetan. Harakina nintzen Beasainen, eta Joxean Tolosak animatu ninduen. Aspe enpresa ere orduantxe sortu zen. Beti gustatu izan zait apustu mundua, baina ez zitzaidan iruditzen niretzako lana zenik. Ezagutzen nuen frontoia eta pilota, gustatzen zitzaidan, eta pausoa eman nuen. Ez naiz batere damutu, oso gustura nabil artekari.
Zer ikastea komeni da aurrena? Zein da ofizioaren giltza?
Jendea ezagutu behar da. Matematiketan ona izateak ez du balio. Eta ofizioa gustatu. Iruñean hasi nintzen lanean, ostiral batean. Ideiarik ez neukan, baina jendea ezagutzen nuen. Gauza guztietan bezala, hasieran justu eta gaizki hasten zara. Konfiantza hartu ahala, ordea, oso ondo ibili naiz.
Dirua tarteko izanda, azti ibili beharko du artekariak, ezta?
Konplikatua da, bai. Aurrenetik, frontoira joan, lana egin, eta diru gutxiagorekin etortzen zara. Inbertsio bat egin beharra daukazu, dirua jarri mugitzen. Dirua gero hasten da sortzen, eta errotazioa hasten da. Baina aurrena zuk jarri behar duzu, arrisku batzuk hartuta.
Fama ere ez dauka puntanekoa.
Lehen ez zuen fama ona. Baina niri ondo atera zait, berriz. Gaztetan apustu gutxi egiten genituen, ez geneukalako dirurik. Baina ibiltzen erakutsi zigun, eta hark asko balio izan dit artekari sartutakoan. Ikasita eta errodajea eginda, badakizu nola funtzionatzen duen.
Apustu egin dezakezue zuek?
Bai. Askotan, artekari ona eta txarraren aldea hor dago. Artekari batek seguru jokatzen badu, lan gutxiago egiten du. Arriskuak hartzen baditu, gehiago. Adibidez, gorrien alde 100 euroko joko bat hartzen duzu; urdina bilatu behar duzu. Tantoa alde erortzen bada, sal dezakezu. Lanik zailena hori da; denbora neurtu behar duzu, segundo hamarren batzuetan erabaki. Saldu gabe edukita, gero garestiago sal daiteke. Hartzen ez baduzu, arrisku gutxiago duzu baina artekari okerragoa zara. Orain, pasatu gabe.
Pilotariak nola dauden aurrez jakiteak zerbaiterako balio du?
Oso zaila da jakiten, ez dizu inork esaten. Pilotari bat katarroarekin joaten bada, ez dizu esango. Obligazioa dauka isilik egoteko, gainera. Partida iraun beharra dauka, behin ateraz gero. Enpresak pilotariari erakusten dion araua hau da: «Hemen dirua jokatzen da, eta baldintza onean atera behar duzu, bestela ez etorri».
Lanik gehieneko garaiak zein dira zuentzat?
Txapelketak. Udan baino gehiago jokatzen da. Jendeak gehiago segitzen ditu, pilotariak ere partida bila oso serio joaten dira, eta gehiago jokatzen da, konfiantza handiagoarekin.
Apustuzaleen profila zein da?
Asko ari da aldatzen. Gaztea asko joaten da frontoira, baina lehenagoko pilotazaletik oso desberdina da. Giro oso ona egoten da. Lehen serioagoa zen, apustuzale gehiago joaten zen. Gazteek ere jokatzen dute, kuadrillan afaltzeko eta. Orain danbor hotsa, buila, pilotariarekiko errespetua bestelakoa dago. Saskibaloiaren erara jarri da. Hotsa ez da hain ona apusturako, baina onartu behar da.
Baserria edo kotxea galdu dituenarena, mitoa ala egia da?
Garai batean esango ziren holakoak. Aizkoran baserria jokatu zuela… Baina gure garaian ez dago horrelakorik.
Telefonoz ere hartzen dituzue apustuak orain.
Lan asko egiten da telefonotik. Bezeroak etxetik deitzen du, partida telebistan ikusten ari dela. Frontoian kantatzen duzu hark esandakoa. Gure negozioa asko zabaldu du, oso ona da.
Krisiak eragin du jokoan?
Asko, eragin izugarria izan du. Joan deneko bost urteotan, hamarretik zazpi jaitsiko zen. Diru mugimendu gutxiago dago. Euroaren aldaketaren garaian mundu guztiak aberatsa ematen zuen, askoz gehiago jokatzen zen orduan. Mila duroko (30 euro) apustuak egitetik 100 eurokora pasatu zen, kolpean. Izugarrizko gora-behera egon zen. Hura ez zen normala, eta hau ere ez. Bizimodua doan bezala da: orduan gehiegi bezala, orain gutxiegi.
Jendea aberasten edo larrutzen da frontoian?
Ez, ez. Arruinatzea errazagoa da aberastea baino, joko guztietan. Zure burua kontrolatzen jakin behar da. Frontoira joan, diru pixka bat irabazi, eta ederki afalduta etxera joatea munduan den politena da. Pixka bat galduta bazoaz ere, hurrengoan irabaziko duzu. Baina kontrola behar da.
Joko makinak zoko guztietan daude. Zer iritzi duzu horiez?
Lehenagoko jokalarien artean ez du eragin, ez direlako horietan ibiltzen. Baina gazteak bai, eta uste dut denborarekin min egingo digula.
Apustu segururik ba al dago?
Apustuak izena du apustua, eta apustu segururik ez dago. Behin ere ez eta inon ez. Eta pilotan gutxiago. Pilota borobila da, eta gauzak pasatzen dira.
Goierrin apustuzaleak gara?
Goierrin ere bai, denean bezala. Euskal Herri gehienean gara apustuzaleak. Euskaldunak apustua berekin du. Gorago ala beherago, baina jokatzea denei gustatzen zaie.