Legazpi Hiria XV. argazki lehiaketan parte hartzeko epea irekita dago jada
Legazpiko Ikatza argazkilari elkarteak antolatuta, irekita dago jada, Legazpi Hiria XV. argazki lehiaketan parte hartzeko epea. Urtero bezala, lehiaketa hau Argizaiola sariketako sailkapenerako baliagarria izango da.
Lehiaketako oinarrien arabera, nahi duen guztiak parte hartu dezake bertan eta argazkietan landu beharreko gaia librea izango da. Egile bakoitzak, gehienez, lau lan aurkeztu ahal izango ditu. Lan horiek aurretik inon argitaratu gabeak eta aurreko edizioetarako aurkeztu gabeak izan beharko dute. Lanak aurkezteko azken eguna apirilaren 27a izango da.
Lehiaketarako argazkiak leloa jarrita, lanak legazpihiria@gmail.com helbidera bidali beharko dira. Mezuan bertan, argazkiekin batera egilearen datuak idatzi beharko dira —izena eta abizenak, helbidea, telefonoa— eta lan guztien izenburuak zerrendatu. Epaimahaia argazkigintzan ezagunak diren pertsonek osatuko dute.
Sari banaketa eta erakusketa
Lau sari banatuko dituzte guztira. Lehenengoarentzat, 500 euro, garaikurra eta 150 euroko opari balea, bigarrenarentzat 300 euro, garaikurra eta 90 euroko opari balea, 200 euro, garaikurra eta 60 euroko opari balea hirugarrenarentzat, eta herriko onenarentzat 200 euro, garaikurra eta 60 euroko opari balea izango dira. Sari banaketa ekainaren 13an egingo dute, 19:00etan. Argazki erakusketa ere irekiko dute kultur etxean, ekainaren 13tik 27ra bitartean.