Olaberriko antolamendu planaren helegiteak landuko ditu oposizioko Bilduk gaur, bilera batean
Olaberriko Bildu koalizioak bilerarako deia egin die herritarrei, gaur 19:00etan, udaletxeko areto nagusian. Herriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari zer helegite jarriko dizkioten azalduko dute, eta proposamen gehiago jasotzeko ere baliatu nahi du Bilduk batzarra.
Aurreratu dutenez, etxebizitza berriei buruz landu dute helegite bat, “aurreko planekoak burutu gabe” zergatik dauden galdetuko dute. Tiro zelaiaren erabilpena “luzatzea” izango da beste gai bat: “Aktibitate horrek ingurumena kutsatzen duela onartu berri du udalak. Nork ordaindu behar du milaka euro kostatuko den garbiketa?”, galdetu dute.
Bestetik, Ihurren udalak “ezer” egiteko asmorik ez duela salatu du Bilduk, “bidearen desbideraketa bat izan ezik”. Auzoko urbanizazioa publiko bihurtzen denerako udala osatzen ari den diru-poltsa zertarako den galdetu dute.