Roman Elosegik irabazi du Lopategiren aurkako idi dema
“Lauzpabost segundogatik”, baina Roman Elosegi itzain zaldibiarrak irabazi zuen, larunbat gauean, Iñaki Lopategi bizkaitarraren aurkako idi apustua. Aiako probalekuan (Gipuzkoa) jokatu zen, 440 bat ikusleren aurrean. Elosegik bigarren txandan eta aurkariak baino bi minutu gehiagoko denborarekin tira egin zuen.
Lopategik egundoko marka jarri zuen bere saioan. 28 minutuan 61 plaza osatu eta buelta hartu zuen. Duela bi aste, probaleku berean jokatutako Euskadiko Kintopeko Txapelketan ere 61 plaza egin zituen, baina 30 minutuan. Orduan mantak irabazteko balio izan bazion ere, larunbatean Elosegiren uztarriak gainditu egin zuen, ozta-ozta bada ere eta bi minutuko abantaila tarteko.
Dema gogorra, oso azkarra eta parekatua izan zen. Elosegiren idiek denbora agortzeko “lauzpabost segundo” falta zirela gainditu zuten Lopategirenen distantzia. Jokoan ziren 6.000 euroak zaldibiarrak irabazi ditu. Gustura agertu da gaur Elosegi: “Ni baino zoriontsuagorik ez da izango munduan orain”, esan du.
Lopategik, dema bukatu bezain pronto bota zion errebantxarako desafioa Elosegiri. Zaldibiarrak ez du onartu, ordea, idiek atsedena behar dutela argudiatuz. Hain gogorra izan zen dema, ezen idientzat ezezik itzainek ere ahituta bukatu baitzuten.