Ahuntz gazta berria hasi da
Hemengo ahuntza gazta berria dagoeneko aurki daiteke azokan; Salba Kuadradoren postuan ikusi dugu. Aldaba Zaharreko eremuetan, «paisaia edertzen» ibiltzen diren Alpina arrazoko ahuntzen esnekin egindakoa dela azaldu du Salbak. «Oraindik fresko freskoa dago, gustuen arabera freskoegi ere bai batzuentzat, baina askok horrelaxe dute gustuko». Azokan ere harrera ona izan duenik ezin uka; 4 euroan zuen salgai 250 gramoko zati bakoitza.
Aste honetako berrikuntzekin jarraituz, tipulatxa ekarri du Edurne Jauregik, 0,50ean sorta. Plaza inguruan jarri ohi diren fruta saltzaileek, berriz, Nafarroako zainzuriak ekarri dituzte Sartaguda, Cadreita edota Azagrakoak; gero merkatuko badira ere, momentuz 9 euroan dago kiloa.
Saltzaileen elkartea
Jendea atzeratzeko moduko eguraldia zen atzo, euri eta kazkabar zaparrada bortitzak tarteka, kezka sortzeko adinekoak. Aldiz, garai aproposa da baratze lanetarako. «Martxoko hilberan gaude eta non da ba jendea?» galdetzen zuen Monteseneko Patxik; «urteko kipulak, bai gorria baita horia ere, landatzeko momenturik egokiena orain da!» zioen, eta bezero batek «horregatik etorri naiz ni» erantzun. Orain eguraldiak lagundu behar.
Lore postuetakoak geldirik ziren; aukera handia bai, baina euria ez da salmenta hauen lagun. Igandean Seguran izango den Lore eta landareen azokan dute jarrita burua eta ekartzekoak prestatzen ari dira.
Mikologia atalean, udaberriko zizak ari dira merkatzen, poliki bada ere; kiloko 130 euroan finkatua zuten atzokoan prezioa. Kanpoko onddoek eta zizahoriek osatzen zuten aukera.
Jakinmina piztuz
Goizeko lehen orduetan azaldu ziren kamerek jakinmina sortu zuten atzo. Sustraia programan laster azalduko diren irudiak filmatu zituzten. Idiazabalgo Gazta Museotik sustatutako Gaztaren Ibilbidea proiektuan, ezinbesteko geldigunea baita Ordiziako feria.
Bestetik, 12 hilabete 12 produktu ekimenean, orburuari eskainitako hilabeteko azken eguna zen atzo, eta Aldasoro jatetxeko Juanjo Martinez sukaldariak erakustaldia egin zuen, plazan bertan.
- Aste honetako prezioak